Iker Bueno: "Partida oparitu diegu"

Bost minututan kontzentrazioa galdu eta 0 eta 16ko partziala jasota ezin izan du F.C. Barcelona B taldearen aurka garaipena eskuratu Sammic ISBk.

Sammic ISBk ezin izan dio aurreko asteko garaipenari jarraipena eman. Lehen zati berdindua jokatu ostean, lo irten dute gure mutilek Azpeitiko kantxara hirugarren laurdenean eta hori aprobetxatu du F.C. Barcelona B taldeak. 12 baloi galduta eta aurkako kontraerasoak ezin geldituta 0 eta 16ko partziala jaso du Iker Buenoren taldeak, eta partzial hori nahikoa izan da partidua zakarretara botatzeko. Azkenean 74 eta 85 galdu du Sammic ISBk eta porrot horrekin 7 garaipenetakoa eta 9 porrotetakoa da ISBren balantzea.

Lehen zatian erasoak defentsen gainetik ibili dira. Erraz saskiratzen zuten bi taldeek lehenengo minutuetan. Iraurgiko mutilek kontraeraso azkarrak egiteko gaitasuna baldin bazuten, Bartzelonako mutilek bigarren aukerak aprobetxatu dituzte saskiratzeko. Saskiratze trukean aritu dira bi taldeak, bietako inork partiduko kontrola eskuratu gabe. Lehen laurdenean berdintasuna nagusitu da Azpeitiko kiroldegian, bakoitzak bere armak aprobetxatuz erraz saskiratu baitu. Azkenean 17 eta 20koa izan da emaitza.

Bigarren laurden hasieran trukatu egin dira bi taldeen jokoak. Oraingoan Sammic zen bigarren aukerak aprobetxatzen zituena saskiratzeak sortzeko eta aldi berean, Barcelona Bk kontraeraso azkar egiten zituen. Lehen bost minutuetan Bartzelonakoak izan dira markagailuan aurretik, baina ez dira gai izan tartea zabaltzeko. Laurden horretan falta ugari adierazi dituzte epaileek eta lehen hiru minutuetan bonusean zen dagoeneko etxeko taldea. Hutsarte baten ondoren aldizkako defentsak egiten hasi da Buenoren taldea eta bere fruituak eman ditu defentsa aldaketa horrek. Horrela, etxeko taldeak 9 eta 0ko partziala eskuratu du eta 35 eta 31 aurretik jarri dira. Azken bi minutuetan, berriro, saskiratze trukea nagusitu da Azpeitian eta atsedenaldira 46 eta 42koarekin iritsi dira.

Eta atsedenaldiaren ondoren iritsi da Iraurgiko taldearen nahaste-borrastea. Lo egin dute salto kantxara eta Bartzelonako taldearen defentsako intentsitateak sorpresan harrapatu ditu. Iraurgiko mutilak ez dira iritsi jaurtiketarik egitera, lehenago baloia galdu baitute. Horrela 12 baloi galdu ditu laurden horretan etxeko taldeak, eta kanpoko taldeak ongi aprobetxatu du bere joko erritmoa ezartzeko. 0 eta 16ko partziala eginda jaun eta jabe egin da Bartzelona Azpeitian. Gureek, ordea, oraindik borrokarako gogoa zutela erakutsi dute eta esnatu egin dira. Arrutik zuzenduta 7 eta 0ko partziala lortu dute Iraurgikoek eta minutu bat eta 39 segundo falta zirela lau puntutara gerturatu dira: 60 eta 64. Azken minutuan, baina, Bartzelonakoek berriro partziala egin dute eta bederatzi puntutako abantaila lortu dute laurdena amaitu baino lehen.

Azken laurdena nahi eta ezina izan da Iraurgikoentzat. Partidua irabazteko moduan ikusten zuten oraindik eta gogor aritu dira lehen bost minutuetan. Aurkariek bi puntu bakarrik sartuta eta Sammicekoek zortzi lau puntutara gerturatu dira etxekoak. Baina ez du erantzunaren zain egon beharrik izan, segituan bost puntu lortu ditu berriro Bartzelonako taldeak tartea zabalduaz. Ezin izan du gehiago ezer egin Sammic ISBk eta azken segundoetan basketaberagea jokatzen aritu dira. Azkenean, 74 eta 85 galduta Sammic ISBrentzat izan da aldekoa basketaberagea.

Iker Bueno: "Lehenengo 20 minutuetan egin dugun lana zakarrontzira bota dugu hurrengo hamar minutuetan. Hirugarren laurdenean egin beharreko gauzak intentsitatearekin segitzea eta baloiak ez galtzea ziren, bai baikenekien beraiek oldarkor izaten saiatuko zirela. Eta egin beharreko bi gauzetatik ezertxo ere ez dugu egin. Ez dugu ideiarik izan, baloi ugari galdu ditugu eta 16 eta 0ko partziala sartu digute. Hor partidua bota dugu, beraiei oparitu diegu. Gero saiatu gara berriro harrapatzen baina kalitate handiko taldeen aurka ezinda beti harrapatu. Uste dut guk eman diegula partidua. Noski beraiek ere gauzak ongi egin dituztela, baina guk 20 baloi galdu ditugu eta horrela ezin da irabazi. Garbi dago hori hobetu behar dugula, jokalariek baloi bat galtzean aurrera jarraitu behar dute atzera egin beharrean. Orain hurrengo partidua prestatzea tokatzen zaigu".

MVP: Emir Sulejmanovic. 22 puntu sartuta, 10 errebote hartuta, 2 asistentzia emanda, 2 baloi berreskuratuta eta 2 falta jasota. 26 puntutako balorazioa.

Saskiratzaileak: 17-20/ 29–22/ 14-27/14-16.

SAMMIC ISB: Arruti (10), Ucles (16), Ugarabe (2), Caramasa (14), Garrett (13) – hasierako bostekoan – Oroz, Mayer (10) Zubizarreta (2), Iradier, Mendoza (7), Urtxulutegi.

F. C. BARCELONA: Peno (17), Moix (8), Draskovic (8), Djedovic (5), Sulejmanovic (22) - hasierako bostekoan – Zamora (3), Figueras , Vila (10), Abdoulaye (10), Martinez, Diagne (2).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide