Sammic ISBk zapatuan ere ezin izan zuen garaipena eskuratu Xuven Cambados Galiziako taldearen aurka eta dagoeneko 12 dira denboraldi honetan galdutako partidak. Kezkagarria, ordea, ez da zenbakia, porrot horiek guztiak azken 13 partidetan izan direla baizik. Zapatuan ere bigarren zati ona eginda gertu izan zuen garaipena Iker Buenoren taldeak, baina azkenean ezin izan zion buelta eman partiduari eta 71 eta 66 galdu zuen. Gaurko emaitzarekin gero eta urrunago dauzka play off-etarako postuak Sammic ISBk.
Berdintasun handikoa izan zen lehen laurdena Pontevedran. Sammic ISBk ondo hasi zuen partidua, Garretten eskutik hiru puntuko jokaldia lortu baitzuen. Hortik aurrera, baina, partzial txikiak eginez aritu ziren bi taldeak. Talde batek aurrea hartzen zuen bakoitzean besteak partzial handiagoarekin erantzun zion. Iraurgiko taldeak ez zuen defentsan behar adina estutu eta ez zuen aukerarik izan partidari beraien erritmoa ezartzeko. Gainera, ez zuen kanpoko jaurtiketetan eguna izan, eta atzetik amaitu zuen laurdena: 18 eta 15.
Bigarren laurdenean lo irten zuten Sammicekoek pistara. Uclesen saskiratze batek puntu batera gerturatu zituen arren, 18 eta 2ko partzialarekin erantzun zuen talde galiziarrak. Baloi ugari galdu zituzten Iraurgikoek eta etxekoek ondo aprobetxatu zituzten horiek tartea irekitzeko. Lau minutu falta ziren laurdena amaitzeko, eta partida osoko abantailarik handiena izan zuen etxeko taldeak: 36 eta 19. Aurkako defentsetan abantaila asko atera zituen etxeko taldeak eta ongi jakin zuen jaurtiketa onena aukeratzen. Gureek, berriz, huts asko egin zituzten eta tarteak laburtzen saiatu arren, hamalau puntuko desabantailarekin joan ziren atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan ideia garbiagoekin eta indarberrituta agertu ziren Sammic ISBkoak. Defentsan askoz gehiago estutu zuten eta ez zien utzi etxekoei bat batekoan abantaila errazak lortzen. Horrela, apurka-apurka abantaila txikitzen joan ziren Iraurgiko mutilak. Xuveneko mutilek, ordea, gogor heldu zieten euren nagusitasunari, eta ez zieten utzi gehiegi gerturatzen azpeitiarrei. Laurden amaieran 9 puntukoa zen desberdintasuna: 55 eta 46.
Azken laurdena 3 puntuko jokaldiarekin hasi zuen etxeko taldeak eta berriro 12 puntutara ihes egin zuen. Kanpoko taldeak, ordea, ez zuen partida galdutzat eman nahi eta 4 eta 15eko partzialarekin puntu batera jarri zen. Bi minutu eta erdi falta ziren partida amaitzeko eta Sammic ISB partiduan guztiz sartuta zegoen. Baina zailena lortu zuen arren, ez zen gai izan partidari buelta emateko eta azken bi minutuetan etxeko taldeak 7 jaurtiketa libretatik 7ak saskiratuta ondo jakin zuen bere abantailarekin jokatzen. Iraurgikoek leku guztietako jaurtiketetan ehuneko txarrekin jarraitu zuten eta ezinezkoa egin zitzaien markagailuan aurretik jartzea. Azkenean, ia, baina ez; 71 eta 66 galtzen amaitu zen neurketa.
MVP: Erik Quintela. 12 puntu sartuta, 3 errebote jasota, bi asistentzia banatuta eta 4 falta jasota. Guztira, 14 puntutako balorazioa.
Federico Ucles. 18 puntu sartuta, 5 errebote jasota eta 7 falta jasota. Guztira, 14 puntutako balorazioa.
Saskiratzaileak: 18-15/ 22-11/ 15-20/ 16-20.
XUVEN CAMBADOS: Nakidjim (11), Whitworth (4), Vaquero (6), Orellano (2), Nkaloulou (12),– hasierako bostekoan – Freitas (6), Rodriguez (6), Quintela E. (12), Quintela S. (5), Callaghan (7).
SAMMIC ISB: Garrett (9), Caramasa (8), Mayer (10), Oroz (2), Mendoza (5), – hasierako bostekoan – Arruti (11), Ucles (18), Guridi (3), Zubizarreta.