Sammic ISB eraberritua ikusi ahal izango da igandean kiroldegian

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea

Jokalari eta joko aldaketak erakutsi nahi ditu ISBk igandean, CEBA Guadalajararen aurka jokatuko duen partidan. 18:00etatik aurrera izango da neurketa, eta partida onaz gain, bidaia zoragarri bat zozkatuko dute. Horrez gain, Xanti Rodriguezi omenaldia egingo dio klubak, lortu berri duen Argazkilaritzako Goya sariagatik. 

Datorren igandean Sammic ISBk denboraldiko 23. jardunaldia jokatuko du Azpeitiko kiroldegian. 18:00etan hasiko da CEBA Guadalajara taldearen aurkako norgehiagoka. Iker Buenok zuzentzen duen taldeak azken asteetan aldaketa sakonak jasan ditu bai jokalari aldetik eta baita joko aldetik ere. Aldaketa horiek erakutsi nahi ditu igandeko partidan.

Fede Uclesek Urrezko Adecco Mailara jauzia eman zuen pasa den astean eta bere lana ordezkatzeko Paulius Vaitiekünas pibota ekarri behar izan du klubak Azpeitira. Jokalari gaztea eta indartsua da lituaniarra saskipean, eta taldean ondo sartu da lehen egunetan. Uclesen hutsunea ondo beteko duela uste du klubak. Bestalde, Rigoberto Mendozak saiakerak egin arren, ezin izan zion Iraurgiko taldeari behar zuena eman eta bere ordez Devon Peltier amerikar antolatzailea ekarri dute. Peltier erasotzaile petoa da, bai kanpoko jaurtiketetan eta baita barneratzeetan ere. Txikia izanik ere, Iraurgiko erasoko jokoari laguntza emango dio Peltier. Ziur gaude biak ala biak gogoko izango direla Azpeitiko zaleentzat, eta uste dugu ikuskizuna ekarriko dutela Azpeitiko kiroldegira. Beraz, igandean, Iraurgi eraberritua ikusiko dugu Azpeitian eta ziur partida ona ikusiko dugula.

Horrez gain, zozketa zoragarriak egingo dituzte partidako atsedenaldian. Alde batetik, Bide Inaziotarra osatzen duten hiriren batera bidaia zozkatuko dute Iraurgikoek. Duela aste batzuk Zaragozara izan zen bidaia eta oraingoan bide horretako beste hiriren batera joatekoa izango da. Bestetik, Pastorkua jatetxean bi lagunentzako afaria ere zozkatuko dute partidan.

Hori dena gutxi balitz, hirugarren eta laugarren laurdenen artean Xanti Rodriguez azpeitiar argazkilariari omenaldia egingo dio Iraurgi Saskibaloi Taldeak. Rodriguezek Argazkilaritzako Goya saria lortu zuen duela aste batzuk. Hain zuzen ere, publizitate arloan, Azpeitiko Topa tabernarentzat egindako diseinu bati esker jaso zuen saria. 2011n eta 2013an ere sari garrantzitsu horietarako finalisten artean izan zen azpeitiarra, eta hirugarrengoan lortu du saria. Iraurgi klubak bere lan ona dela eta, aipamen berezia egingo dio Rodriguezi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide