Neurketa zailak Añares eta Sammic ISBrentzat

Etxetik kanpo ariko dira bi taldeak bihar, eta aurkari gogorren kontra: Celtarekin neurtuko dituzte indarrak emakumeek, eta El Pratekin gizonek.

Añares ISBk bihar Celtaren aurka jokatuko du (Vigo, 18:30). Xabier Chicoren aginte makila, lan kontuak tarteko, Katxi Agirrek hartuko du. Añares esne mamitan dugu azken boladan. Lau partida jarraian irabazi dituzte eta barruan duten saskibaloirik onena jokatzen ari dira. Bihar, ordea, oso aurkari gaiztoa izango dute, Celta sailkapeneko liderra. Teorian, aukera gutxiko partida da; baina praktikan, beti egoten da ezustekoentzat tartea.

Sammicek, berriz, El Praten aurka jokatuko du (Prat de Llobregat, 18:15). Lolo Encinasen taldearentzat ere neurketa gaiztoa izango da. El Prat, sailkapeneko bigarrena izateaz gain, saskibaloirik ikusgarriena egiten duen taldea da. Valladoliden aurkako azken garaipenak Sammiceko mutilen buruak argitu eta lasaitu ditu. Urteko zazpigarren garaipena pilatzea ez da samurra izango baina, Añares bezala, Sammic ere ezustekoa ematen saiatuko da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide