Denboraldiko topagune politenetik itzuli dira dagoeneko Iraurgi Saskibaloiko jokalariak. Sabiñanigon, Panticosan, Villanuan eta, nola ez, Jakan izan ditugu 2002 eta 2008 urte bitartean jaiotako 150 haur eta gazte, eta entrenatzaile mordoxka; harmailetan, zientoka bat guraso, 14 taldeak animatzen.
Irrikaz itxaroten duten txapelketa da Pirinioetako Kopa, "Jakako torneoa", eta maiatzaren 1a arteko zubia ondo baliatu dute saskibaloiaz eta beren arteko zein kanpoko neska-mutilekin izandako harremanez eta esperientziez gozatzeko. Eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, asteburu luzea eta polita.
Lehiaketa arloari eutsiz gero, Grupo Zaher ISBko kadete mutilak txapeldun izan ditugu, eta Sarralle ISBko infantil aurreko neskak txapeldunorde, finala puntu bakar batez galdu ondoren. Gainera, bi taldeotako Joseba Azpillaga eta Doltza Oiartzabal izendatu dituzte txapelketako MVP edo jokalari onenak.
Gainerako taldeek ezin izan dute finaletan sartu, baina maila bikaina erakutsi dute, eta hurrengo urtean azkoitiarrez eta azpeitiarrez beste lau autobus bete, Pirinioetara itzuli eta aurtengoa hobetzeko asmo argia azaldu dute. Aupa Iraurgi!