Iraurgi Saskibaloiko familiari

(Argazkia: ISB)

Denboraldiaren azken txanpara iritsita, hilabete berezi hauetan alboan izan dituen guztiak eskertzeko gutun hau plazaratu du Iraurgi Saskibaloiak.

ISBren lehen bi taldeek bukatu dituzte Azpeitian eta Azkoitian jokatu beharreko partidak. Denboraldi honetan zehar gure alboan izan ditugun guztiei eskerrak emateko garaia dela iruditzen zaigu.

Aurrena, bazkideak eta zaletuak eskertu nahi dutugu, astez aste gure alboan izan ditugunak, eta galdu nahiz irabazi animoz eta txaloz kiroldegiak berotu dituztenak.

Ezin ahaztu partidak antolatzeko lanetan lagundu diguten gutaso guztiak. Zuek gabe ezingo genituzke partida horiek antolatu, ezta horien segurtasuna bermatu ere.

Zalantzarik ez izan, era berean, gure babesle zareten guztiok ematen duzuen laguntzarik gabe Azkoitiko eta Azpeitiko kantxetan izaten ditugun saskibaloi partidak ez liratekeela posible izango.

Eta 50 urte betetzen ditugun urte honetan, zuri, Iraurgi bihotzean daramazun hori, ezan nahi dizugu oraindik ez direla denboraldi honetako partidak amaitu. Gure harrobia bultzatzen jarraituko dugula, Domusa Teknikeko neskekin amets egin nahi dugula Utebon, eta egunero-egunero baloiak uztaian sartzen saiatzen jarraituko dugula.

Eskerrik asko bihotzez, eta aupa ISB!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide