ISBren talde nagusiak igoera fasea jokatzeko prest dira

Domusa Teknik ISB eta Leganes taldeen partida, urtarrilean. (Iraurgi SB)

Liga erregularreko azken partidak jokatuko dituzte Biele ISBek eta Domusa Teknik ISBk datozen asteetan, eta gero igoera fasea hasiko dute.

ISBko lehen taldeek aste garrantzitsuak dituzte aurretik, liga erregularreko azken partidak jokatuko dituztelako batetik, eta horien ondoren igoera faseko kanporaketei ekingo dietelako, bestetik.

Biele ISBek datorren larunbatean jokatuko du liga erregularreko azken partida Zornotzaren aurka, etxean, 20:00etan. Dagoeneko igoera faserako sailkatuta daude gizonak, eta haien helburua da datorren larunbateko partida irabazi eta sailkapenean postu batzuk gora egitea. Igoera faseko lehen kanporaketa apirilaren 27an etxean jokatuko du ziurrenik Biele ISBk, eta honako talde hauek izan ditzake aurkari: CB Prat, Godella, Lliria eta Ibiza. Azken garaipenarekin, taldeari ilusioa ematea lortu du Biele ISBk, eta orain, igoera fasean, lan txukuna egitea du xede.

Bestalde, Domusa Teknik ISB taldeko jokalariek igandean jokatuko dute ligako partida, Barakaldon. Emakumeek ere bermatuta dituzte igoera faserako txartela zein sailkapeneko zazpigarren postua. Azken asteetako bolada onarekin jarraitu nahi dute jokalariek liga erregularreko azken-aurreko neurketan. Hain zuzen, hilaren 26an, larunbatez, jokatuko du hark azken neurketa Barcelonaren aurka, 19:00etan, Azkoitian. Igoera fasea, berriz, maiatzaren 3an hasiko du Azkoitian, eta ISBk Azul Marino Mallorca, Unicaja Mijas edo Recolestas Zamora izan dezake aurkari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide