Biele ISBko Unai Barandalla jokalari bilbotarrak min hartu zuen asteartean taldearekin batera egin zuen lan saioan. Azkoiti-Azpeitiko saskibaloi klubak jakinarazi duenez, atzo, ostirala, egin zizkioten azterketak Barandallari, eta ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatuan haustura duela berretsi da. Lesio larri hori tarteko, Barandallak denbora luzez egon beharko du kantxetatik kanpo.
Iaz ere antzerako lesio bat izan zuen Barandallak, eta 11 hilabetez osatze lan gogorrean egon da hura murgilduta. Orain, Barandallak erronka berri bati egin beharko dio aurre. Taldekide, zale eta Iraurgi Saskibaloiko familia osoa zurekin gaude. Lan gogorraren eta esfortzuaren adibide garbia zarela erakutsi diguzu, eta ziur gaude indartsuago itzuliko zarela. Eutsi goiari Baran, zurekin gaude!