Iraurgi saskibaloi klubak autobusa antolatu du Valladolidera joateko

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2025eko abenduaren 24a

Biele ISBko jokalariak azaroan jokatutako neurketa batean. (Mikel Amenabar 'Otola')

Biele ISBk Ciudad de Valladolid taldearen aurka jokatuko du urtarrilaren 4an, eta neurketa garrantzitsua izango denez, hara joateko autobusa antolatu dute. Interesa dutenek aurrez izena eman behar dute. Bestalde, Jordan Jermaini kontratua luzatu dio klubak, eta 2026-2027 sasoian ere Biele ISBko jokalaria izango da hura. 

Iraurgi saskibaloi klubak autobusa antolatu du Valladolidera (Espainia), urtarrilaren 4rako. Egun horretan, 18:00etan, Biele ISBk Ciudad de Valladolid taldearen aurka jokatuko du, etxetik kanpo, eta lehia hori ikustera joateko antolatu du klubak autobusa. Biele ISB lidertzan iritsi da urte amaierara, eta 2026ko lehen neurketan bigarren sailkatua den Ciudad de Valladoliden aurka neurtuko ditu indarrak; modu horretan, parez pare doazen aurkarien arteko norgehiagoka izango da.

4.000 ikusle inguru espero dituzte harmailetan, eta taldeari babesa emateko antolatu du hara joateko garraioa Iraurgik. Autobusa eta partidarako sarrera 20 euro kostatuko dira, eta 17 urtez azpikoentzat, 15 euro. Izen ematea urtarrilaren 2ko 11:00ak baino lehen egin beharko da. Autobusa Azpeitiko anbulatorioaren aurretik abiatuko da, 12:00etan, eta Azkoitiko Eroski Txikiaren aurretik, 12:10ean. 14:15ean geldialdia egingo du Area Serrano atsedengunean (Burgos inguruan), bazkaltzeko ordubeteko tartearekin, eta 17:00ak aldera iritsiko da autobusa Valladolideko Pisuerga estadioara. Partida amaitu ondoren, zuzenean itzuliko da autobusa; Azkoiti-Azpeitira 23:30 inguruan iristea aurreikusten dute.

Bidaia gauzatu ahal izateko, gutxienez 30 lagun beharko dira; kopuru horretara iristen ez badira, autobusa ez da antolatuko. Izena emateko, 688 657 119 telefono zenbakira deitu edo idatzi beharko da. Klubak herritarrak animatu ditu partidaz gozatzera. 

Jordan Jermaini kontratua luzatuta

Joan den ostiralean ebakuntza egin zioten Jordan Jermain Iraurgiko jokalariari, eskuin belaunean izandako lesiotik errekuperatzeko. Ebakuntza primeran atera da, eta orain kantxetara itzultzeko errekuperazio prozesuari ekingo dio Ameriketako Estatu Batuetan. Bestalde, denboraldi honetan izandako ezbeharrek klubari ez diotenez utzi Jordanez nahi beste gozatzen, klubak eta Jordanek akordioa lortu dute, eta 2026-2027 denboraldian ere Biele ISBko jokalaria izango da hura.

Jordan Jermain, ebakuntza egin ostean. (ISB)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide