Azkena balitz bezala

Erabiltzailearen aurpegia Irune Azkune 2025ko urt. 19a, 07:00

Irune Azkunek 2025ko San Sebastian jaietako egunkari berezian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ikastolarekin parte hartu nuen lehen aldiz kaleko danborradan. Oso gogoan daukat emozio eta nerbio ugari barruan nituela pasatutako goiz hura. Izan ere, kantinera irteteko zozketan parte hartu, eta halaxe irten nintzen, kantinera; polita izan zen arren, danborra jo gabe geratu izanaren harra hor geratu zitzaidan. Oso danborrada zaleak izan gara beti familian. Askotan bukatu ohi genituen lehengusu arteko juntadizoak etxeko arropa zaharrekin janzkerak moldatu, erratzarekin eta zapi batekin bandera atondu, eta danborradak egiten. Bandera nork eraman erabakitzen nahiko lan izaten genuen boladetan!

Aurten bederatzi urte beteko dira Irrintzi taldean irteteko lehen aukera izan nuenetik. Aurrez Itsasirekin irten nintzen pare bat aldiz. Baina urteetan utzita eduki nuen parte hartzeko burutazioa, ikusle izatearekin konformatzen nintzen. Urtero lagun berberekin toki berberetan danborrada ikusten genuen, hasierako txistu hotsak sortzen zigun zirrara konpartituz, ilusioz egoten ginen talde guztiak ikusteko zain.

Behin horrela, ordea, tokia zegoela, eta Irrintzirekin irteteko aukera sortu zitzaidan. Banituen lagun batzuk taldean eta ez nuen bitan pentsatu. Izan ere, urtero irteteko tokia ziurtatuta ez dugunok, aukera dugun bakoitzean azkena balitz bezala aprobetxatzen dugu, entseguetatik hasten gara disfrutatzen. Taldean danborradaren bueltan sortzen den giroa ezin hobea izaten da, baina ezin ahaztu guk ongi pasatzeko eta dena ongi irteteko bazkideen artean egin ohi duten lan guztia! Dena ongi bidean, aurten ere hor izango naiz, azkena balitz bezala!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide