Azaroa amaieratik, asistentzia lanen lan lerroa dugu martxan Itaia emakumeon antolakunde sozialistan. Orduz geroztik, sektore honetan lan egiten duten emakumeen egoera plazaratzen saiatu gara, baita borrokan zeuden emakume langileen mobilizazioetara batzen ere, garbitzaileen nahiz adinekoen egoitzetakoen grebetan, esaterako. Orain arteko lanak oso baliagarri egin zaizkigu etxeko lanen, zerbitzu publikoen nahiz asistentzia lanen sektoreko bestelako enpresen inguruko informazioa biltzeko eta sektore horretan diharduten emakume langileen egoera zein den jakiteko. Hala ere, beharrezkoa ikusten genuen lan asistentzialen dinamika eskualdera ekartzea, eta bertako emakume sektore proletarizatuenaren egoera zein den aztertzea. Horretarako, inkesta bat jarri genuen martxan duela hilabete inguru Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Eskualdeko emakume proletarizatuenei beraien egoera eta bizi eredua definitzen duten faktoreen inguruan galdetu genien; besteak beste, lan merkatu feminizatuaz, etxeko lanez, denbora libreaz eta dependentzia ekonomikoaz…
Azken asteetan ikerketa horretatik ateratako zenbait datu plazaratu ditugu gure sare sozialetan, baina datuen gainean egindako hausnarketak elkarbanatzeko espazioa ere sortu nahi genuenez, batzar informatiboa egin genuen joan zen ostiralean Azkoitian. Bertan azaldu genituen egindako inkestaren inguruko xehetasun guztiak, ondorioak aletzearekin batera. Eta, orain, bideo honetan laburbiltzen saiatu gara.
Erreprodukzio sozialean emakume langileak bete duen lekua oinarrizkoa izan da. Alde batetik, soldatapeko lanean –70. hamarkadatik batez ere– lan sektore feminizatuetan izandako rola: pertsona helduen zein haurren zaintza, garbiketa sektorea, zerbitzu sozialak... Eta, bestetik, familiaren mantenurako bere gain izan duen lan karga guztia: etxeko garbiketa, sukaldatzea, erosketak... Ikuspegi kapitalistatik sozialki beharrezkoak diren zerbitzuak badira ere, kapitalari etengabeko kostua suposatzen diote. Zentzu horretan, eta bestelako aterabiderik gabe, langileontzat derrigorrezko bilakatzen dira lan horiek.
Krisi testuinguruan larriagoa bilakatzen da egoera. Baldintza ekonomikoen beherakadak, langileria gero eta kapa zabalago baten pobretzea eragingo baitu, eta, ondorioz, kudeaketa pribatuko zerbitzuen irisgarritasuna gero eta mugatuagoa izango da langile klasearen zati handienarentzat. Zerbitzu publikoari dagokionez, zergen ekarpenaren beherakadaren ondorioz inbertsio soziala ere jaitsi egin daitekeela aurreikus daiteke, eta horren ondorioz zerbitzu horiek pribatizatzeko edo forma kontzertatuan antolatzeko joera nabarituko da. Horrenbestez, langile klaseko kapa zabalenak bere horretan edo okerrago jarraituko du. Orokorrean, emakume langileongan jauziko da lankarga eta beraz, aurreikusgarria da, funtzio erreproduktibo horrek gure zapalkuntza betikotzen jarraituko duela epe motzean
Emakume langileok biziko dugun etorkizunaren ezaugarri nagusienetako bat esplotazio estruktural basatia izango dela ondoriozta dezakegu, eta hori, beti bezala, politikoki zein sozialki kate-begi ahulenengan gertatzen den prozesua da: emakume gazteak, etorkinak... Aurretik genituen baldintza horiek guztiak are okerrago bilakatuko dira: lan ezegonkorrak, soldata baxuak, dependentzia ekonomikoa... Horri guztiari estatuaren eta administrazio publikoen utzikeria gehitu behar diogu, eragin zuzena baitu emakume langile askorengan, gehienetan horien gain jauzten baita oraindik orain haurren, helduen, zein mendekotasuna duten pertsonen zaintza.
Itaiatik beharrezkoa ikusten dugu langileon askapen prozesu erreal batera bidean emakume langileon bizi eta lan baldintzen hobekuntzak lortzea. Bide horretan, ezinbestekoa ikusten dugu asistentzia lanen sozializazioa. Hau da, emakume langileon beharrizanak oinarri hartuta, lan asistentzialen zerbitzuen sozializazioa aldarrikatzen dugu, baina ez forma pribatuan, baizik eta estatuaren ardurapean zerbitzu unibertsal, doako eta kalitatezkoak eskainita. Itaiaren hautua argia da: edozein zapalkuntza gainditzeko baldintzak garatuko dituen aukera erreal bakarra sozialismoaren eraikuntza da. Bide horretan ezinbestekoa da emakume langileon bizi eta lan baldintzen hobekuntzan jardutea. Gure xumetasunean eta egunerokoan, horretarako lanean jarraituko dugu.