Itaia emakumeen antolakunde sozialistak Emakume Langileon Eskolak antolatu ditu aurtengo ikasturterako Euskal Herri osoan zehar, emakume langileek egunerokotasunean jasaten dituzten zapalkuntzak identifikatu eta horiei aurre egiteko mekanismoak pentsatzeko. Urola Erdiako Itaiak ere prestatu ditu eskolak. Joan zen ostiralean Azkoitian egin genuen aurreneko saioa, eta orain Azpeitiko txanda izango da. Lehen saioan Euskal Herriko Salda Badago V. Jardunaldi Feministetan Itaiak egindako hitzartzea izango dugu hausnarketarako abiapuntu. Testua lantzeko, Salda Badagoko Itaiaren hitzartzea aurrez ikustea gomendatzen da. Dena den, larunbateko saioan bideoa berriro ikusteko tartea hartuko dugu.
Ezinbestekoa da emakume langileon ahalduntze politikoan sakontzea eta hausnarketarako zein eztabaidarako espazioak sortzea. Bide horri jarraituz datoz Emakume Langileon Eskolak, ezagutzaren beharra lehen lerroan jartzeko eta eskualdeko emakume langileok gaitasun teorikoak eskuratzeko. Bidean ikusiko dugu elkar.