Emakume langileon eguneroko ogia da gizarte kapitalistaren baitan dagoen indarkeria matxista; gainera, udaran, herrietako festekin, emakume langileok biolentzia mota hori jasateko testuinguru aproposa sortzen da, eta indarkeria matxista kasuek gora egiten dute. Horren adibide dira: irainak, ukituak, bortxaketak, jarraipenak edota azkenaldian zabaltzen ari diren ziztada kasuak.
Beraz, ezagutzen dugun jai eredu honek, baldintzak jartzen ditu eraso horiek gauzatzeko. Horri aurre egiteko eta kolektiboki erantzuteko, beste eskualde batzuen antzera, Urola Erdiko Itaian ere mekanismoak garatzen hasi gara, horrela, indarkeria matxistari aurre egiteko Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan asanbladak sortuz.
Azkenik, aipatu nahiko genuke indarkeria matxista oro kondenatzen dugula eta horri aurre egiteko baliabiderik eraginkorrena antolakuntzan datzala. Beraz, horri aurre egiteko antolakuntzaren deia zabaltzen dugu Itaiatik, horren bidez, zapalkuntza oro gaindituko dituen proposamen politiko baten alde lerratuz.
Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu!