Santioak eta saninazioak 2023

Indarkeria matxistari aurre egiteko, antolatu gaitezen

Erabiltzailearen aurpegia Itaia 2023ko uzt. 17a, 11:58

Itaiako hainbat kide plazan. (Itaia)

Udarekin iritsiko dira Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako festak, eta herri horietan erasoen aurkako protokoloa eta etxeratze kolektiboak gisako baliabideak jarriko ditu martxan Itaiak.

Jakin badakigun moduan, emakume langileon bizitzetan eguneroko ogia diren eraso matxistak modu nabarmenean areagotzen dira jai giroan. Horren adibide dira, esate baterako, Sanjuandeiko festetan salatutako eraso guztiak. Eta ez hori bakarrik, testuinguru horretan eraso matxistek inpunitatea irabazten dute: normalizatu egiten dira emakumeon aurkako jazarpen eta biolentzia jarrerak eta erasotzaileek inpunitate osoz jarduteko baldintzak ematen dira.

Egoeraren larritasuna eta lege zein proposamen insituzionalek arazo hau solbentatzeko duten ezintasuna ikusita, egoera salatzeaz haratago, horri aurre egiteko antolatzea ezinbestekoa zaigu. Horrela, erantzun errealak emanez, erasorik gertatuko ez den espazioak sortzea dugu helburu.

Bide horretan, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako jaietan erasoen aurkako protokoloa eta etxeratze kolektiboak gisako baliabideak jarriko ditugu martxan. Horrenbestez, Urola Erdiko Itaiak eskualdean martxan jarriko diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen du.

Izan gaitezen agente aktibo indarkeria matxistaren adierazpen guztiei aurre egiteko. Indarkeria matxistari aurre egiteko, antolatu!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide