Bart gauean emakume bat bortxatu du gizon batek Azpeitian. Gainera, gutxienez beste sexu eraso bat ere gertatuta da. Itaiatik elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu erasotuei.
Zoritxarrez, azken albiste hau ez da zerbait isolatua izan. Eraso matxistak desagertzetik urrun, ohiko errealitate dira, baita gure herrian ere. Azken urteotan herrian bertan salatu diren etxera bideko jazarpenak, tabernetako ukituak eta bikotekideen jipoi eta erasoak horren adierazle dira, baita emakume ugari babes neurriekin egotea ere. Eraso horiek gainera, modu nabarmenean areagotzen dira jai giroan, bart gaueko gertakariek argi uzten duten moduan. Eta ez hori bakarrik, jai giroan eraso matxistek inpunitate handiagoa eduki ohi dute, normalizatu egiten baitira emakumeon aurkako jazarpen eta biolentzia jarrerak.
Gure ustez, egoera honetan berebiziko garrantzia du eraso matxista oro salatzeak eta erasotzaileei aurre egiteak, honen normalizazioa ekidin eta egoera hauek ezerezean pasatu ez daitezen. Guztion ardura da erasoen aurkako jarrera irmoa izatea, hauek ez gertatzeko lehen pauso gisa.
Horrekin batera, indarkeria matxista ezin dugu modu isolatuan ulertu, emakume langileon zapalkuntzatik probesten den gizarte eredu honen ondorioa baita. Horregatik, ezin diogu indarkeria matxistari aurre egin berau kudeatzera mugatzen diren berdintasun politiken bitartez; kontrara, eraso matxisten aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzungo duen indar politiko independentea eraikitzea beharrezkoa da.
Norabide horretan lan egitea beharrezkoa da indarkeria matxistarekin amaitzeko. Erasotuak izan diren emakumeak babesteko bitartekoak garatzen joan behar dugu, baita eraso gehiago ez gertatzeko bitartekoak sortzen ere. Urola Erdiko Itaiatik horretan jarraituko dugu, eta dei egiten dugu bide horretan indarkeria matxistaren aurka egiteko antolatzera.
Indarkeria matxista orori aurre egin!