"Jarrera erreakzionarioen eta matxisten aurkako aldarriak kalera eramateko eta kaleak aldarri iraultzailez betetzeko unea da"

Erabiltzailearen aurpegia Itaia 2025ko ots. 27a, 09:05

Itaiako kideak.

Martxoaren 8an, Emakume Langileon Nazioarteko Egunean, kaleak hartzeko eta borrokatzeko deia egin du Itaiak. Horregatik, diskurtso hutsalen eta keinu sinbolikoen aurrean, martxoaren 8a emakume langileon zapalkuntzaren aurka eta sozialismoaren alde egiteko borroka egun gisa berreskuratu behar dela esan du antolakundeak.

Martxoaren 8an mobilizazioak deitu dituzue. Zergatik da garrantzitsua egun horretan mobilizatzea?

Martxoaren 8a emakume langileon zapalkuntzaren aurka eta sozialismoaren alde egiteko borroka eguna izan da historian zehar, eta gure ustez, bizi dugun egoerari aurre egiteko berebiziko garrantzia du egun horren zentzu iraultzailea berreskuratzeak. Izan ere, ikus dezakegu bizi dugun krisi testuinguruan, kapitalisten agenda ekonomikoa langileon soldaten aurkako politiketan islatzen ari dela, gure eskualdean bertan ikus dezakegun moduan: lan-baldintzen okertzea, lan kaleratzeak, bizitzaren garestitzea... baita zerbitzu publikoen etengabeko murrizketetan ere.

Egoera horrek modu bereizgarrian eragiten du emakume langileongan, bigarren mailako subjektu izatearen ondorioz bizi dugun prekarizazio egoera are gehiago indartzen baita: lanaldi partzialak, lan ezegonkorrak, familiako zaintza lanak, etab. Horri eskubide sozialen eta politikoen atzerakada gehitu behar dizkiogu, etengabeko etxegabetzeekin edo kode penalaren erreformarekin ikus dezakegun moduan. Beste kasu batzuetan, sexu industriara kondenatzen gaituzte, eta horrekin emakumeok sexu objektu garenaren irudia indartzen eta gure gorputzen gaineko merkantilizazioa normalizatzen da.

Horrez gain, indarkeria matxistaren gorakada eta normalizazioa bizi dugu, eta forma berriak hartzen dabilela ere agerikoa da. Emakumeok sufritzen dugun gaitzik gordinenetakoa izaten jarraitzen du indarkeria matxistak, gure inguruan ditugun adibideek erakusten diguten moduan. Esate baterako, pasa den abenduan salatu genuen 2024an gutxienez 43 eraso matxista salatu zirela Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan.

Azken aldian askotan errepikatu duzuen ideia da jarrera erreakzionarioak hedatzen ari direla. Zergatik ari da jendearen pentsaera eskuinerantz mugitzen?

Bi faktore nagusi daude jendearen pentsaera eskuinerantz mugitu dutenak: batetik, azkenengo hamarkadetan etengabe okertzen ari da langileon egoera ekonomikoa eta horrek deskontentua sortzen du gizartean. Gainera, ertain klaseko zenbait kapei dagokienez, gaitasun adkisitibo horren galera eta ideia erreakzionarioak bere egitea eskutik joan daitezke. Faktore ekonomiko honekin batera, beste faktore bat ere aipatu beharra dago: ezker instituzionalaren porrota. Izan ere, ezkerreko alderdiek, adibidez Espainiako "inoizko gobernurik progresistena" deiturikoak, langileon aldeko politikak egiteko promesak egin ditu etengabe, baina promesa faltsuak izan dira, eta horrek ezkerrarekiko desatxikimendu handia sortu du biztanleriarengan.

Bada, egoera horretan, ideologia eskuindarrak eta erreakzionarioak izugarrizko lan mediatiko eta kulturala egiten ari dira ideia horiek jendartean indarra har dezaten. Esate baterako, matxismoa eta, oro har, emakumeok bizi dugun zapalkuntza asmakizun ideologikoa direla esatera ausartu dira, eta hori horrela izanik, denbora luzean zehar borrokaz lorturiko emakumeon eskubideetan atzerakada bat proposatzen dute: indarkeria matxistaren legea deuseztatzea, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako laguntzak desagerraraztea, genero kuotak bertan behera uztea... Horrek guztiak diskurtso matxistak normalizatu ditu gizartean, komunikabideetan eta sareetan.

Gaur egun, sare sozialak gazteen egunerokotasunaren parte dira. Eraginik badute sare sozialetan zabaltzen diren mezuek, gazteen artean nagusitzen dabiltzan ideiekin eta jarrerekin?

Bai, ezinbestean. Sare sozialetan, influencer misoginoek zein erreferentziazko neska-mutil dirudunek zabaldutako diskurtso zapaltzaileak aurki ditzakegu: emakumearen irudi tradizional eta otzana azpimarratzen dutenak edo emakumeok sexu-objektu gisa erakusten gaituztenak. Biek ideia horiek justifikatzeko "emakumeok gure bizitzen gainean erabakitzeko dugun ahalmena" jartzen dute zentroan. Kontrara, emakumearen deshumanizazioan sakontzen dute, eta horrela emakumeok bigarren mailako subjektu gisa betikotzen eta emakumeon aurkako jarrerak gizartean onargarriago bihurtzen dira. Influencer horietako batzuk salatu ditugu berriki, tartean, Llados, El Jincho eta gisa horretako pertsonaiak. Dena den, funtzio berbera betetzen dute gaur egun gazte ugarik ikusten dituzten hainbat programek ere, hala nola La Isla de las Tentaciones-ek.

Aipagarria da eduki horren normalizazioak emakume askorengan duen eragina. Horren adibide dira, presio estetikoaren ondorioz, emakumeen artean dauden "elikadura nahasmenduen" kopurua, farmazeutika eta industria estetikoak indartzen dituzten interbentzioen gorakada, maila psikologikoagoan presio aspirazional horrek sortzen duen antsietatea, autoestima falta eta abar. Laburbilduz, sare sozialak ideia atzerakoiak zabaltzeko eta gazteen artean normalizatzeko bitarteko bihurtu dira, eta kezkaz bizi dugu hori.

Martxoaren 8aren desitxuraketa eman dela aipatu izan du Itaiak. Zergatik?

Martxoaren 8aren zentzua desitxuratu dela esaten dugunean, "berdintasuna" edozein(en) kanpaina politikotan txertatzeko aukera ireki izanaz ari gara: instituzioek berdintasunarekiko konpromisoa berresten dute eta beraien eraikinak morez argiztatzen dituzte; enpresa handietako jabeek enpresetan dituzten genero kuotak erabiltzen dituzte euren aurpegia garbitzeko; eta alderdi politikoek berdintasun-politika gehiago hitzematen dituzte, zeintzuek kasu gehienetan ez duten eraginik edukitzen egunerokoan matxismoa pairatzen duten emakumeen bizitzetan.

Hori horrela, gaur egun askori ahaztu egiten zaio zer ospatzen den egun horretan. Edo hobe esanda, zer borrokatzen den. Gure ustez, diskurtso hutsal eta keinu sinbolikoen aurrean, martxoaren 8a emakume langileon zapalkuntzaren aurka eta sozialismoaren alde egiteko borroka egun gisa berreskuratu behar dugu.

Beraz, zer da proposatzen duzuena?

Lehentasunezkoa da, boteredunen kontrolpekoak diren estatuko instituzioetatik kanpo, matxismoaren aurkako mugimendu sendo bat artikulatzea ahalik eta toki gehienetan. Militantzian oinarritua, ez salarizazioan, eta emakume langileen interesak lehen lerroan jarriko dituena. Era berean, egunerokoan matxismoaren aurkako borroka indartu behar dugu: erasotzaileen aurkako kanpainak, matxismoaren aurkako mobilizazioak, emakumeon formazioa, etab.

Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke ideia eta jarrera matxistei eta errekazionarioei ateak ixten ez badizkiegu. Hori da martxoaren 8an lortu nahi duguna: jarrera errekazionarioen eta matxisten aurkako aldarriak kalera ateratzea eta kaleak aldarri iraultzailez betetzea. Bide horretan, dei egiten dugu Emakume Langileon Nazioarteko Egunean 19:00etan plazatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide