Urola Erdiko Itaiak pasa den apirilaren 25eko hilketa matxista salatu du

Erabiltzailearen aurpegia Itaia 2025ko mai. 9a, 17:20

Apirilaren 25ean Haron jazotako erailketa matxista salatu du Urola Erdiko Itaiak gaur eguardian, eta indarkeria matxistarekin amaitzeko, erantzun kolektiboa antolatzeko deia luzatu du.

Atzo jakin genuen pasa den apirilaren 25ean gizon batek Haron erail zuen emakumea Gasteizko bizilaguna zela. Itaiatik gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diegu eraildako emakumearen familiari eta ingurukoei.

Indarkeria matxista emakumeok egunerokotasunean sufritzen dugun gaitzik gordinenetakoa da, eraso matxistak eta horien espresio gordinena diren erailketa matxistak direlarik horren adibide. Baina baita gaur egun geroz eta gehiago zabaltzen eta normalizatzen ari diren diskurtso matxista eta erreakzionarioak ere.

Egoera kezkagarria bizi dugu. Beraz, momentuak eskatzen duen urgentziaz erantzutea dagokigu. Zentzu horretan, indarkeria matxistarekin amaitzera bidean, erantzun kolektiboa antolatzeko deia luzatzen dugu.

Indarkeria matxistaren aurka borrokatu!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide