Joan den igandean atera zen argitara hilketa matxista bat izan zela Marbellan: emakume bat erail zuen bere bikotekideak. Eraildako emakumea Gasteizkoa zela jakinarazi dute. Itaiatik gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diegu eraildako emakumearen familiari eta ingurukoei.
2025a hasi zenetik 5 erailketa matxisten berri izan dugu Euskal Herrian. Begi bistakoa da indarkeria matxista emakumeok egunerokotasunean sufritzen dugun gaitzik gordinenetakoa dela, eraso matxistak eta horien espresio gordinena diren erailketa matxistak direlarik horren adibide. Baina baita gaur egun geroz eta gehiago zabaltzen eta normalizatzen ari diren diskurtso matxista eta erreakzionarioak ere.
Egoera larri horren aurrean posizionatzeko momentua da, emakumeok jasaten dugun indarkeria eta zapalkuntzaren aurrean bi aukera ditugu: matxismoaren konplize izaten jarraitu edo matxismoaren aurka borrokatu.
Itaiatik jarrera eta ideia matxisten aurka borrokatzen jarraituko dugu: batetik, indarkeria jasan duen emakumea defendatzeko eta babesteko baldintzak bermatuz; bestetik, eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzunez. Zentzu horretan, beharrezkoa da, matxismoaren aurkako kontzientziazio lana eta borroka indartzea, eta horretarako matxismoari aurre egingo dion mugimendu indartsua eratu behar dugu.
Indarkeria matxistaren aurka borrokatu!