Ostiral honetarako Etxebizitza, emakumeon aurkako indarkeria espazioa hitzaldia antolatu dugu Betharrameko frontoian, 18:00etan. Etxebizitza Sindikatu Sozialistako eta Itaiako kideok etxebizitzaren arazoak emakumeongan dituen ondorioak azaltzen dituen ikerketa txostena aurkeztu dugu, eta txosten horren aurkezpena egingo dugu ostiralean.
Hizketagai izango ditugu, besteak beste, etxebizitzaren auziak eta indarkeria matxistaren arazoak gaur egun hartzen duten forma zein elkarren arteko loturak, etxebizitzarako sarbidean genero arrakala nola ari den handitzen, nola ez diren iristen arazoiari aurre egiteko baliabideak, errealitatearen eta diskurtso instituzionalaren arteko kontrastea, eta kontrol burokratikoa.
Analisi teorikoa osatzeko, Etxebizitza Sindikatu Sozialistara jo duten pertsonen datuak eta testigatzak ere jasotzen dira txostenean, eta horien aipamen batzuk ere egingo ditugu. Azkenik, ondorio modura, doakoa eta kalitatezkoa izango den etxebizitzaren eskubide bermatuaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren egitekoak ardaztuko dira.
Argi dago emakume langileon problematika tarteko, forma propioa hartzen duela emakume askoren kasuan etxebizitzaren arazoak. Horregatik, ezinbestekoa izango da emakume langileok zapalkuntza egoeratik askatzeko independentzia ekonomikoa izatea eta etxebizitza eskubidea bermatuta edukitzea.
Baina etxebizitza arazoa areagotu eta indarkeria matxista kasuak gora egiten ari diren momentuan, borroka eta mobilizazioa indartzea besterik ez zaigu gelditzen. Horretaz eta gehiagoz hitz egingo dugu ostiralean. Animatu bertaratzera!
Azaroaren 25ean, mobilizazioa
Horrez gain, azaroaren 25ean kaleak hartzeko deia egin nahiko genuke. Azaroaren 11n espekulatzaileen aurka eta etxebizitza eskubidearen alde atera ginen kalera. Bada, mobilizatzen jarraitu behar dugu. Azaroaren 25ean, diskurtso matxisten zein faxisten aurka eta matxismoaren aurkako indar politiko independetea osatzearen alde aterako gara kalera, eta herritar guztiei 19:00etan plazatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzeko deia egin nahi diegu.