Nolabait zentral nuklearrekin familiarizatuta gaudela esan genezake. Etxe guztietako pantailetan ikusi izan ditugu noiz edo noiz Springfieldeko zentral nuklearreko irudiak; Homer kontrol postuan arrosa koloreko donutsak jaten, Burns jauna erradioaktibitatez josita paseoan eta abar luze bat.
Europako Batzordeak abenduaren 31n gas nuklearra eta naturala trantsizio berderako jardueren zerrendan sartu zituela jakin genuenetik, zentral nuklearren inguruko eztabaida indar handiz itzuli da. Baina Simpson telesailean ikusitakoaz haratago, zer dakigu zentral nuklearrei eta energia nuklearrari buruz? Ezer gutxi, nik uste.
Izenak ondo adierazten duen moduan, zentral nuklearrek atomo baten nukleoan dagoen energia baliatzen dute energia kantitate handiak lortzeko.
Atomoa? Nukleoa? Bai, ni ere larunbatean Exkerretegira nola joan pentsatzen ari nitzen fisika-kimikako klase hartan.
Atomoa elementu bat zati daitekeen parterik txikiena da. Adibidez, aluminioa infinitu aldiz apur daiteke, baina iritsiko da aluminioa bere propietate kimikoak galdu gabe gehiago apurtu ezingo dugun une bat.
Atomoak hiru partikula motaz daude osaturik; protoiak, elektroiak eta neutroiak. Protoiak eta neutroiak atomoaren erdigunean (nukleoan) kokatzen dira, eta elektroiak nukleoaren inguruan biraka ibiltzen dira. Ideia bat egin dezagun: neutroiak eta protoiak kolore desberdineko ardi kaka aleak izango lirateke (nukleoa), eta elektroiak, kaka pilo horren inguruan eten gabe biraka dabiltzan euliak.
Energia nuklearra bi modutara lor daiteke: fisio edo fusio nuklearraren bitartez. Fisiozko erreakzioetan, nukleo astun bat (adibidez, uranioarena) neutroiz bonbardatuz, bi nukleo arinagotan banatzen da. Prozesu horretan neutroiak eta energia askatzen dira. Neutroi horietako bakoitzak beste nukleo baten fisioa eragiten du, kate erreakzioa sortuz. Askatzen diren neutroiak ez badira kontrolatzen, prozesu ez kontrolatua sortzen da; bonba atomikoa. Neutroiak xurgatzen badira, ordea, erreakzioa kontrola daiteke, erreaktore nuklearretan egiten den moduan.
Zentral nuklearretan ura berotzeko erabiltzen da fisio kate erreakzioan sortutako energia, ura lurrun bihurtuz. Lurruna turbina formako sorgailu batera garraiatzen da et voilá! Lortu dugu ezinbestekoa bihurtu zaigun elektrizitatea. Zentral nuklearren inguruan gezur asko zabaldu dira, baina ukaezina da uranioaren fisioan sortutako materialak kaltegarriak direla izaki bizidunontzat. Horien biltegiratzean aurrerapauso handiak eman diren arren, 300 urte baino gehiagoz edukiontzi berezi batzuetan gorde beharko lirateke. Gai delikatua da nuklearrarena, baina geratzeko etorri dela ematen du. Oinarrizko kontzeptuak jakinik, horren inguruan informatzeko eta hausnartzeko txanda zuena da.