Iritsi dira udako arratsalde luzeak. Izozkia eskuan hartu eta ordu luzez eguzkitan beratzeko momentu gozoak, eta noski, igerilekuan plisti-plasta jolasteko uneak. Mito asko daude igerilekuko uraren inguruan: pixa egitean uraren kolorea aldatu egiten dela, kloro asko bota dutelako haren usain handia nabaritzen dela edo buruko ilea berdetu egiten dela kloroaren eraginez. Baina zer da egia?
Kloroa gora eta behera ibiltzen gara igerilekura sartu orduko, baina hango ura ez da kloroarekin (Cl2) tratatzen, baizik eta pastilla moduan saltzen duten sodio hipokloritoarekin (NaClO). Sodio hipokloritoa gatz oxidatzaile eta bakterizida da; kloroa, berriz, gas toxiko, narritagarri eta korrosiboa. Sodio hipokloritoa etxeko garbikari askotan aurkitu dezakegu kontzentrazio baxuetan; besteak beste, lixiban. Sodio hipoklorito pastilla igerilekuko uretara botatzean, urarekin erreakzionatu egiten du, azido hipokloroso konposatu oxidatzailea eratuz mikroorganismoak suntsitzeko.
Ukaezina da bereizgarria dela igerilekuko usaina, baina ez dago zuzenki lotuta garbitasun mailarekin ('kloro' asko botatzearekin), ez horixe! Guztiz kontrakoa. Igerilekura sartutakoan begiek pikatzen baldin badigute eta 'kloro' usain handia baldin badago, igerilekuan zikinkeria asko sartu dela esan nahi du, hau da, kloramina asko eratu direla. Nola?
Kloraminak (konposatu toxiko eta narritagarriak) azido hipoklorosoak nitrogenodun konposatuekin erreakzionatzean sortzen dira, eta konposatu nitrogenodun horien garraiatzaile nagusiak gu geu gara. Pixetan nahiz izerditan aurkitzen dira konposatu horiek (fluido biologikoetan). Eta gaia ez da txantxetarako kontua. Esaten dutenez, dimentsio olinpikoak dituen igerileku batetan 200 litro pixa egon daitezke batez beste. Beraz, igerilekuan pixa egiten baduzu, ez da uraren kolorea aldatuko, horregatik lasai egon, baina substantzia toxikoak eratzen ariko zara, zeure osasunari kalte eginez.
Txantxa ematen zuen igerilekura sartu aurretik dutxatzearen kontuak, baina pentsatze zenuena baino garrantzitsuagoa da, ezta? Has gaitezen ba!