Berogailu eta sukalde lanetan ekonomika zaharra, koadrodun mantela mahai luze mardulean eta aulkiak soberan badaezpada ere. Dena prest, beraz, ohiko igandeetako bazkarirako.
Errepikatzeko aukeran kantitatea, kafe italiarra zeramikazko katiluan, egurrezko zoru zaharraren kirri-karra umeen korrikaldi bakoitzean. Garai hobeak baitziren, presa gutxiagorekin, giro ederragoarekin eta janari goxoagoarekin.
Bazkal oste luzeak, irribarre luzeak, karta joko luzeak irrist egiten ez zuten kartekin.
Telebistan Lazkao Txiki, irratian pilota, Arantzazuko egutegian gogoetak.
Aitonaren purua mahai ertzean, amonaren mantal zikina aulkian, lana ondo egina eta bukatua, beraz.
Argiak epel, paretak hori, eta bihotza su gorian mimatuta, bakoitza bere etxera berriz.
Halakoxeak baitziren, bueltatuko ez diren igandeetako bazkariak.