Egunerokotasunaren begietan, erraz ahazten ditugu hain baliozkoak diren gertuko postalak.
Kalean gora eta behera gabiltza pauso arinean beti, liburu zaharraren orriak pasatuz, baina irakurtzeko beta hartu gabe.
Badira denboraren legeak gainditu, eta betierekotasunean eraikitako historia zatiak. Harri zaharrak lekuko, izan zirenen oihartzunak gordez.
Ez diegu eskaintzen, ordea, merezi duten denbora eta begirada, errazagoa baita ez daukagunarekin liluratzea.
Bada frantsesez flâneur deritzon kontzeptu literario interesgarri bat: gizabanako batek, inongo presarik eta norabiderik gabe, herria zeharkatzen du, bertako bazterrei eta jendearen egunerokotasunari erreparatuz, momentu eta xehetasun txikienak –arkitektura trazetatik, elkarrizketa generikoenetara– ikusminez begietsiz, beste inolako intentziorik gabe.
Benetako aberastasuna eguneroko leku eta momentu txiki askotan baitago, momentu batez gelditu, burua altxatu eta bilatuz gero.