Outleta

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Otamendi 2025eko azaroaren 26a

IƱaki Azpiazu kaleko etxebizitzen obrak. (Guka)

Jose Luis Otamendik honako gutun hau bidali du Gukaren erredakziora, joan zen ostegunean Iñaki Azpiazu kaleko etxebizitzen obretan hil zen 44 urteko langilearen heriotzaren harira.

Azkena azaroak 20 zituela gertatu da. Hemendik urte batzuetara egungo gazte eta sasoiko jendeak esan ahalko du agian, "gogoan dut 2025. urteko azaroaren 20 hartan, horko etxe horiek egiten ari zirela goitik behera erorita nola hil zen langile bat".

Franco diktadorea ohean zendu zela 50 urte bete ziren egunean izan da. Gainera, Espainiako Estatuaren esku beltzak Santi Brouard hil zuela 41 urte bete ziren, eta Josu Muguruza Alcala hotelean tiroz josita eraitsi zuten 36. urteurrena ere bazen, hain justu ere.

Egundaino ez dugu beste datu handirik jaso eskura izan ditugun informazio iturrietatik. 44 urte zituela beharginak, azuleju jartzailea zela, toki garai batetik erori, Donostiaraino erietxera eraman eta han hil zela biharamunean poli-traumatismoaren eraginez. Gizonezkoa zela bai, zein paretan gertatu den ezbeharra ere jakin dugu. Kito, ez dugu beste xehetasunik Azpeitiko partean.

Eta urtean barrena hildakoen euriak zirri-zarra temoso horrek busti egiten gaitu oraindik bizien artean gaudenok. Gero, karga hori errazago eramateko edo, asmatzen ditugu kontakizunak, sineskeriak eta gezur tamaina askotakoak. Horietako bat, iraingarri samarra aukeran, heriotzak denok berdintzen gaituela dioena da.

Atera kontuak, mundura zein etxetara, zein bizimodutara eta, nolako koordenatu-paraleloren alanbre parean erori zaren, horrek baldintzatuko du, noski, zure mundualdia. Baina baita zure heriotzaren erresonantzia indarra ere. Ez dakigu hil den 44 urteko gizon hori, ez zein zen, ez non bizi zen, ez norentzat egiten zuen lan... Guretzat oraindik izenik ere ez du.

Ozta-ozta bete ditu lau-bost lerro agerkari idatzietan, minutu erdi inguru esan-entzunezkoetan. Hori da dena. Ez da izango lorerik erori zen lekuan, eraikina amaitutakoan nekez jarriko dute plakarik haren oroigarri. Bertan gertatu zirenak akordatuko dira gehienez ere: errepidetik zihoala erortzen ikusi zuen auto gidariak, artatu zuen erizainak, medikuak, haraino joandako poliziak...

Bistan da, lan istripuak ere politikoak dira, ekonomikoak eta guztiz sozialak ere badiren bezalaxe. Klaseak, jatorriak, arrazak, sexu joerak, generoak, adinak, ikasketek, itxurak goitik behera apaltzen edo handitzen dute heriotzaren oihartzuna eta zirrara kolektiboa. Batzuena handia izaten da, beste askorena, putza!

Azaroaren 20an Azpeitian lanean ari zen tokitik amilduta hil zen langilearen heriotzaren prezioa, Iñaki Azpiazu kalean jasotzen ari diren etxearen balio erantsiari ezarriko diote beharbada horko pisuak saltzen direnean. Ez dugu plaza bete heriotza hori salatzeko. Pentsa, hildakoa nor zen ere ez dakigu barren.

Gure eguneroko martxak zenbat heriotzaren plusbalio isila ez ote darama txertatua berekin? Zenbat eratako tratu txar eta eraso ezkutu, zenbat gerra, istripu eta tragedia albisteen oihaneko lerro eta irudien kotizazioan gora egin ezinda, irakurle-ikusleon arreta aski kitzikatzeko gai ez direlako, besteak beste.

Libertate basatien ozeano kapitalistan furian dator gora jende xehearen bizi eta heriotzaren outlet eta black friday iraunkorra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide