Trabajadorearen gutuna

Erabiltzailearen aurpegia Josu Salegi 2026ko maiatzaren 18a

'Trabajadoreak' Oiartzunen. (Wikipedia)

Josu Salegik Espainiako Gerran gatibu hartu ondoren trabajadoreetan aritutakoen bizipenetan oinarrituta idatzi du bertso sorta hau.

(Doinua: ETA-ren su etenetik)

Ehun urte bete eta
oraindikan zentzuduna,
urrundu zara betiko
gure aitona kuttuna.
Tratuan umila zinen,
bihotzez berriz biguna,
ez da hutsune txikia
hemen utzi diguzuna:
Eskuan dut eskutitza
gordeta izan duzuna
hil aurreko egunetan
erakutsi zeniguna,
esanaz: Hau da anaiak
idatzi zidan gutuna.

Mila bederatziehun
eta berrogehigarrena
abenduak hogeita bi
egun bete dituena,
nire anaia Vicente
etxeko seme gazteena,
eskutitz hau izango da
idazten dudan azkena:
Zure eskutan uzten dut
nire esperantza dena,
hemendik aurrera zara
halabeharrez zaharrena
familiaren ardura
hartu beharko duena.

"Desafecto" izenpean
gartzelan sartu ninduten,
Unamuno deituriko
batailoien zentru baten.
Madriletik Lesakara
aunitz ekarri gintuzten,
ordutik hemen gabiltza
esklabo lanak egiten:
Aritxulegi gainean
ez dut argirik ikusten
tunel barruan kolpeka
pikotx edo pala kirten…
Gerra galdu duen batek
ezin du gerratik irten.

Hemengo lanak zer diren
ezin da erraz sinistu
zutik mantentzeak ere
badauka nahiko meritu,
goizean ilun hasita
gauean ilun amaitu,
lanerako indarrik ez
eta lanean jarraitu,
granitoa dinamitak
ere ezin du txikitu,
abaildurikan daudenak
makilak zigortzen ditu,
sasoia galdu dugu ta
gaixotasuna aurkitu.

Barrakoi luze batean
lur gogorrean etzanez,
begiak ixten ditugu
malko gabeko saminez,
goseak loa kenduta
ametsik egin ezinez,
begiak zabaldurikan,
esna ametsak eginez:
Malkoak erortzen zaizkit
etxekoen oroiminez
gaur arte izan zarete
nire bizi poza zinez,
ta gaurtikan heriotza
hartuko dut atseginez.

Esku dardarti hauetan
ubeldurak ikustean
gogoa ihes doakit
memoriaren bidean:
Esku trebe batzuk ziren
ari zirenak lanean,
Torrijosko lautadetan
olibondoen artean,
lurra landu eta gero
ogi zuria labean,
etxeko mahaiaren bueltan
eserita sukaldean,
zoriontsu izan ginen
beste bizitza batean.

Iganderoko ohituran
jaitsi ginen Lesakara,
pelotoi luze batean
asteroko mezatara,
herritarrak espaloian
bi alboetan ilara,
lerrotik emakume bat,
aurreratu eta hara!
Papera eta arkatza
emanaz eskuetara
esan zidan: Idatzi zuk,
hemen elkartuko gara,
gutuna iritsiko da
behar duen helmugara.

Agur Vicente maitea
nahiz eta ahalegindu,
gaitz hau astuna da eta
ezin dezaket arindu.
Nahiago nuke bizitzak
zure ondoan banindu,
baina heriotzari nork
diezaioke agindu?
Aita zenaz oroi zaitez
eta ama ona zaindu,
baina ororen gainetik,
zure argia mantendu,
izar txikienak ere
horrelaxe egiten du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide