Bidasoatik etorri gera
gusto haundiz Plaiundira,
bizikletentzat aparkatzeko
estalpe baten harira,
orain lan denak bukatu eta
jartzen bagera begira
kostatakoa izan denaren
emaitzak ageri dira.
Ikasle maite aritu zera
burubelarri lanean
planoak egin, egurra moztu
ahal zendun onenean
bihotza eta burua biak
batera doazenean,
ofizioa gustatzeraino
iristen da azkenean.
Sarri askotan saiatu arren
akatsa ez da aparte
gure lanean hobetzekore
badaukagu nahiko tarte,
lurra jorratzen jarraitu behar
landareak hazi arte,
oraingo hontan ikusten denez
fruitu ederra dakarte.