Danborradaz egia batzuk, nireak: ez dira gauza bera San Sebastian martxa eta sansebastianetako martxie. Bi eredu dira, kontrajarriak. Lehenengoa solemneegia, geldoegia, inoiz idiarena jo gabea bezalakoa; bigarrena, anabasa hutsa, arduragabea, tatiago esateko ere ezgauza bada, pentsa jotzeko!
Gauza bera ez diren bezala Soreasuko Sebastian parrokian edota Telefonika aurrean. Danborradako unerik politenetako bat bata, ekitaldiaren erdigunean, ospakizunaren dianan, Udal Bandaren zuzeneko musikarekin; bestea, berriz, apendize bat, danbor-jole erdiak tabernetan, beste erdia pantaila bati begira. Aukerak badira: hestea moztu edo diana txikia bihurtu.
Egiak esaten hasita, neure agurra geroz eta gertuago ikusten dut. Alardea egiten dugu gure danborradaz, plazako hamabietako irudiaz, talde kopuruaz, ematen dioten koloreaz. Ederra da, batasuna ondo dagoelako.
Desfilea doan neurri berean ari da luzatzen ibilbidean zehar edota plazan zain egon beharra ere. Geldiune gehiegi nire gusturako. Goizeko izarra den parrokiako uneak ere barne-gatazkak sortzen dizkit; kristau zintzoa ez izatearen ajeak. Aitortu behar dut, ordea, orain artean eta txikitatik, oso sansebastian zalea izan naizela; txikitan, bost bat urtez ateratzeko zortea izan nuela; handitan talde batean atera nahi nuela eta, urte askoan, egin ere egin dudala. Aitortuko dut musika zalea naizela, eta festa hauetako doinuak ere asko gustatzen zaizkidala. Gogokoenetakoa Mandioko Polka dudala (irakurri dut berriki joan zaigun Pedro Illarramendi izan zela Azpeitiko danborradaren sortzaileetako bat; eskerrik asko festengatik, Pedro. Aurtengo polka zure omenez! Besarkada bat familiari).
"Hau dek hau! Festak dituk!", pentsatuko du baten batek. Festak dira, bai. Bakoitzak ulertzen ditu bere erara, ospatuko ditu nahi dituen bezala, joango da zuzen edo egingo du dantza, adieraziko du adieraztea nahi duena, sartuko ditu sudur puntan jarritako guztiak eta edango ditu gauari kendutako gradu bero guztiak petaketan sartuta. Berdin dit horrek, baina musikaren erritmora jo dezagun behintzat.
Horietxek nire egia txikiak, eta azken bat opari: idazki honetan danborradako gure doinu guztien izenak daude. Atzeman al dituzu?
Ondo pasatu sansebastianak!