Kilometroak 2024

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 'Ez gara jaitsiko!' lana aurkeztuko dute irailaren 15ean Soreasun

Erabiltzailearen aurpegia Kilometroak 2024 2024ko eka. 25a, 11:18

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak.

Kilometroak 2024k eta Kulturazek elkarlanean antolatu dute pailazoen saioa. Bi emanaldi izango dira: 16:00etan eta 18:30ean. Dagoenetako bi saioetarako sarrerak salgai daude.

Kilometroak 2024ren hurrengo izpiak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldearen eskutik etorriko dira Azpeitira. Izan ere, irailaren 15ean Ez gara jaitsiko! Ikuskizuna aurkeztuko dute Soreasuko antzokian. Bi emanaldi izango dira: bata 16:00etan eta bestea 18:30ean. Ikuskizunerako sarrerak eskuragai daude Kulturaz.eus webgunean.

"Euskara eta alaitasuna” uztartuz lan egiten duen pailazo taldearen saioa Kulturazekin elkarlanean antolatu du Kilometroak 2024ko lantaldeak.

Ez gara jaitsiko! ikuskizunean Marimotots zuhaitz baten adaburura igoko da, han goitik Lurra hobeto ikusteko. Pirritxek eta Porrotxek atzetik jarraituko diote hari, eta zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar, espero gabeko lekuetara iritsiko dira.

Urriaren 6an izango da Gipuzkoako Ikastolen jaia Azpeitian, Ikasberri ikastolak antolatuta. Jaia antolatzeko lekukoa Azpeitiko ikastolak hartu zuenetik, Izpiz izpi lelopean, hamaika ekitaldi egin ditu herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, hiru ardatz helburu hartuta: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. Balio horiek ederki egiten dute bat antzerkia, kantua eta dantza tresna hartuta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek urtero egiten dituzten ikuskizunekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide