Kontseilu Sozialistak ere greba egunera batzeko deia egin du

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2026ko martxoaren 14a

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak bat egin du martxoaren 17ko greba orokorrarekin, eta, horren harira, azken asteetan eskualdeko herrietan ekimen ezberdinak egiten ibili da taldea. Grebaren atarian, ondorengo bideoa kaleratu dute.

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak bat egin du martxoaren 17ko greba orokorrarekin, eta, horren harira, azken asteetan eskualdeko herrietan ekimen ezberdinak egiten ibili gara. Langileon pobretzearen kontra, kalitatezko bizi baldintzen alde eta irabazi kapitalistaren kontra, eta inperialismoaren nahiz estatuaren autoritarismoaren aurka egiteko bat egingo dugu astearteko lanuztearekin. 

Izan ere, azken urteetan gero eta agerikoagoa da langile klasearen pobretzea. Lan gatazkak ugaritzen ari dira, enpresen itxierak ematen ari dira, eta kaleratzeak gero eta ohikoagoak dira. Ikusi besteik ez dago gure eskualdea. Adibide garbiak dira Juaristi, Sidenor, Sarralle, Elmubas… Aldi berean, bizitzaren garestitzea, etxebizitzaren arazoa eta zerbitzu publikoen kaskartzea gero eta nabarmenagoak dira.

Kalitatezko bizi baldintzen alde eta irabazi kapitalistaren kontra egingo dugu, ekoizten den aberastasuna langileon esku jarri behar delako eta ez kapitalista gutxi batzuen mesedetan. Klase batasuna eraikitzeko bidean, ezinbestekoa da okerren daudenen bizi baldintzak hobetzea.

Era berean, inperialismoaren eta estatuaren autoritarismoaren aurka ere egingo dugu, langileon pobretzearen eta haserre sozialaren aurrean kapitalisten irabaziak babesteko estatuek eskubide sozial eta politikoak murrizten dituztelako. Neurri errepresiboen areagotze bat ikus dezakegu, mozal legea tartean dela, etorkinen jazarpenak areagotuz eta antifaxismoa kriminalizatuz.

Hori dela eta, bizi eta lan baldintza duinen aldeko aldarrikapena soldaten igoerekin bukatzen ez denez, nahiz eta beharrezkoa izan, eta salaketak haratago joatea eskatzen duenez, martxoaren 17an 11:00tan Donostian ikusiko dugu elkar. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide