Diario Socialistak ekoitzitako dokumentalak XXI. mendeko faxismoaren azterketa bat egitea du helburu, antifaxista deitzen den oro, faxismoa zer den ulertuta, horri aurre egiteko tresnez hornitzeko. Izan ere, faxismoa ez da XX. mendeko fenomeno bat izatera mugatzen; kontrara, gero eta arrisku errealagoa da. Herrian bertan jasan behar izan dugu VOX bezalako alderdi eskuindarraren presentzia, eta ikusi dugu alderdi horiei aurre egiteak zer-nolako arriskuak dauzkan. Horregatik, garrantzitsua da faxismoaren gorakadaren arrazoiak ulertzea. Eginbehar horretan ekarpena egin nahi du Munstroak sortzen direnean dokumentalak. Zehazki, bi galdera nagusi erantzuten saiatzen da:
- Zer interes daude mugimendu faxista berriaren atzean?
- Nola egin diezaiokegu aurre?
Dokumentalaren premisa nagusia da faxismoa fenomeno konplexu bat dela, ez dena instituzioetara mugatzen, hala nola egileek fenomeno faxista bere hiru adierazpen orokorretan aztertzen dute, bakoitzaren ezaugarritze bat egiteko eta elkarren arteko erlazioak zehazteko. Hasteko, alderdi instituzionalak daude (Vox edo Le Penen Rassemblement national alderdia kasu); bigarrenik, kalean etorkinen, LGTBIQ+ kolektikoko kideen zein etsai politikoen aurka biolentzia zuzena aplikatzen duten talde eskuadristak (Desokupa, Nucleo Nacional eta abar); azkenik ,faxisten gorroto diskurtsoarekin bat egin eta hura zilegiztatzen duen oinarri sozial erreakzionarioa dago (sare sozialetako influencerrak, adibidez). Dokumentalean faxismoaren aurkako borrokarekin erlazioa duten figuretako batzuen elkarrizketak jasotzen dituzte: Europa mailako militante antifaxistak (Madrilgoak, Milangoak, Pariskoak...), kazetariak zein faxismoa ikergai duten ikertzaile internazionalak (Miquel Ramos ala Mark Bray), esaterako.
Bestalde, nahiz eta mugimendu faxistan zentratu, dokumentalaren helburua horren argazki isolatu bat eman beharrean, fenomeno horrek kapitalismoarekin, krisiarekin eta panorama politiko orokorrarekin duen harremana azaltzea da. Hau da, faxismoak oligarkiaren ofentsiba autoritarioa eta ideologia erreakzionarioa zabaltzeko betetzen duen funtzioan ere jarri da arreta. Faxismoa gero eta indar handiagoa hartzen ari den garaiotan, garrantzitsua iruditzen zaigu formakuntzarako eta eztabaidarako horrelako espazioak sortzea eta herritar oro gonbidatzen dugu egitarauan parte hartzera.