BIZI DUGUN POBRETZE OROKORTUAREN AURREAN BEHARREZKOA DA ELKARTASUN SAREAK SORTZEA

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista

ESKLABETAKO OINARRIZKO BILTEGIAREN JASOKETA AZAROAK 7,9 ETA 10.

Europar kapitalismoa krisian dago eta hori agerian uzten dute azken asteetan Europako herrialde ezberdinetan ikusten ari garen protesta handiek, izan Frantzian, Italian, Albanian edo Espainian. Langile klasea pobretze orokortua bizitzen ari da: etxebizitza, erosketa saskia, erregaiak, argindarra eta gasa… izugarri garestitu dira azken urteetan. Gainera, langile klaseari bideratutako zerbitzuen kaskartze nabarmena bizi dugu, hezkuntza kalitatearen eta osasun sistemaren saturazioa besteak beste.

Fenomeno hauek, ordea, kapitalismoaren eta oligarkiaren intereserako hartutako neurrien ondorio dira. Oligarkiak berrarmatzeko apustua egin du eta ofentsiba inperialistan sakondu dute bizitza izugarri garestitu dituen gerrak eraginez, izan Ukrainian edo Iranen. Beraz, argi geratzen da baliabideak egon badaudela, baina dauden bitartekoak beste auzi batzuetara bideratzen dituztela.

Estatuek bizitzen ari garen pobretze orokortu honi autoritarismoaren gorakadarekin erantzun diote eta Europako estatu guztiak eskubide politikoen murrizketan sakontzen ari dira. Adibidez, Frantziako estatuan azken protestak gutxitzeko etxeratze agindua ezarri zuten. Bien bitartean, estatuen autoritarismoari zuzenki lotuta doan faxismoak krisi honek eragindako haserrea zentzu erreakzionarioan norabidetu nahi du, eta gero eta ugariagoak dira kaleetan gertatzen diren eraso arrazista eta klasistak.

Pobretze orokortuaren aurka eta langileon eskubideen alde aurrera ematen ari diren protesta hauek norabide egokian bideratu eta zenbait alderdi politikori joku elektorala ez egiteko, beharrezkoa da langile klasearen antolakuntza sendo independente bat izatea. Azaroak 11ko greba orokorrean ekarpena norabide horretan egin nahi dugu eta horretan gabiltza Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik azken asteetan.

Eskualdean krisi honen ondorio larrienak jasaten dituzten pertsonekin elkartasun sareak sortu, lagundu eta antolakuntzara batzeak berebiziko garrantzia dauka, eta horretan ari gara Oinarrizko Biltegitik. Horregatik, aurtengo ikasturteko lehenengo jasoketa egingo dugu Azkoitiako, Azpeitiako eta Zestoako supermerkatuen aurrean, azaroaren 7, 9 eta 10an.

Hona hemen, bilketaren egun eta orduak (hiru herrietan egunero):

  • Azaroak 7, larunbata, 10:30-13:00.
  • Azaroak 9, astelehena, 17:30-20:00.
  • Azaroak 10, asteartea, 17:00-20:00.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide