Jasoketa handiaren inguruan, oinarrizko produktuen biltegiko bi kideri elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2023ko mar. 16a, 14:31

Oinarrizko produktuen biltegiko bi kide dira Iraitz eta Ivan. Biltegiak hiru urte beteko ditu aurten eta ikasturteko bigarren jasoketa handia antolatu dute. Honakoa da Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak bi kideei eginiko elkarrizketa.

Oinarrizko Produktuen Biltegia hiru urteurrena betetzear den honetan, ikasturteko bigarren jasoketa handia antolatu duzue martxoaren 30erako, 31rako eta apirilaren 1erako. Zer dela eta antolatu duzue? Zein da helburua?

Ivan: Bilketa handiaren helburua eskualdeko familia zaurgarrienei laguntzen jarraitzea da. Familia horiei guztiei laguntzen jarraitzeak modu honetako ekintzak antolatzea eta boluntario berriak proiektuarekin bat egitea esan nahi du, lan egin ezin duten familien oinarrizko beharrak asetzeko.
Iraitz: Egun bizi dugun ofentsiba ekonomiko eta politikoak prezioen gorakada ekarri du, eta banatzen ditugun produktuen kopurua murriztera behartuak izan gara. Proiektu honen indargune nagusia, modu independentean, instituzioetatik kanpo, langileon arteko elkartasuna saretzean datza.

Noiz sortu zen proiektua? Zergatik eta zertarako?

Ivan: Proiektua 2020an sortu zen, pandemia betean. Gobernuak harturiko neurrien ondorioz familia asko lanik gabe gelditu ziren eta horrek diru sarrera arazo larriak ekarri zituen familia askotan. Hori ikusirik, pertsona talde batek Oinarrizko Produktuen Biltegia jarri zuen martxan eta boluntarioei esker supermerkatuetako jasoketak martxan jartzea lortu zen. Horrek, azken hiru urte hauetan, familia askori laguntzea ahalbidetu du eta horretan dirau gaur egun ere, egoera ekonomikoa ez bait da hobetu.
Iraitz: Bizi baldintzen gogortze oso azkar bat ematen ari zen momentu horretan, eta langileon arteko elkartasuna modu independentean saretzeko asmoz jarri genuen proiektua martxan.

Esan duzue proiektua behar batetik sortu zela, hala da hori? Jende askok jo du zuengana azken hiru urte hauetan? 

Iraitz: Bai, guk hasieran aurreikusi genezakeena baino askoz gehiagok. Proiektua martxan jarri eta bi hilabete igaro aurretik, oinarrizko produktuen eskarien saturazioa ikaragarria zen. Askotan salatu dugun moduan, 240 pertsonari janaria ematera iritsi ginen, 500 itxaron zerrendan genituen bitartean, eta hori bi hilabete igarotzerako. Gaur egun ere egoerak bere horretan dirau, oinarrizko produktu eta elikagaien eskaria ikaragarria da, eta ez gara gai eskaerei erantzuteko. Izan ere, agerian gelditu da pandemiak krisi testuinguruaren gogortzea azkartu egin zuela eta orain, gerra testuingurua, bigarren pauso bat izaten ari dela. Horrek oinarrian dagoen krisi kapitalista agerian utzi du eta, beste behin, krisi honetan galtzaile ateratzen dena langile klasea da.
Ivan: Lehen aipatu dudan moduan, pandemia garaian oinarrizko produktu eta elikagaien beharra zuten familiak asko ugaritu ziren, neu naiz pertsona horietako bat. Hasieratik izan nuen boluntario gisa parte hartzeko aukera, modu horretan geure aletxoa jartzeko aukera ematen zitzaigun, proiektu hau indartu eta behar gehien zuten familiei lagundu ahal izateko. Jasoketa handiak ezegonkortasun ekonomiko, sozial eta politikoko giro honetan behar handiena duten familiei ahal dugun neurrian esku bat botatzeko helburua du. Eskualdean badira beste eragile batzuk Oinarrizko Produktuen Biltegiaren funtzio antzekoa bete dezaketenak, hala nola, udalaren elikagai bankua Azpeitian, Caritasen elikagai bankua Azkoitian eta Zestoan eta gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten baliabideak aipaturiko hiru herrietan.

Hori horrela izanik, zein izan daiteke zuen ustez horrenbeste eskaera jasotzeko arrazoia?

Iraitz: Nik esango nuke, funtzio antzekoa baino, funtzio kontrajarria betetzen dutela aipatu berri dituzun eragileek eta guk. Gure ustez eragile eta instituzio horiek beren jardunarekin eta eskaintzen dituzten baliabideekin betetzen duten funtzioa bizirik irauteko baliabide gutxi batzuk eskaintzea dela, finean, laguntza jasotzen dutenen miseria betikotuz. Horregatik da beharra horren handia eta horregatik jo du guregana horrenbeste jendek. Gu klase zapalduen emantzipaziorako pausoak ematen ari gara, miseriarekin behin betiko amaitu ahal izateko. Oinarrizko produktuak banatzen ditugu, baina egungo sistema iraultzeko proposamenaren parte da.

Ivan: Erakundeek dituzten burokraziak eta baldintzak asko zailtzen dute laguntzak jasotzera iristea, bidean oztopo ugarirekin aurkitzen zara eta horrek familia asko laguntzak jasotzetik kanpo uzten ditu. Hori gutxi balitz, erakunde horiek ez dute familien garapena errazten, asistentzialismora mugatzen dira, instituzio horiekiko menpekotasuna sortuz.

Badira, ordea, instituzioetatik gizarte larrialdira bideratzen diren diru partidak. Horiek ez dute betetzen larrialdi egoera horri erantzuteko funtzioa? 

Iraitz: Ez, noski ez dutela betetzen. Laguntza horien izaera ikusi besterik ez dago. Lehen esan dudan moduan, laguntza horiek, alde batetik, egoerarik okerrenean daudenak miseriara kondenatzen dituzte bizirik irauteko justuko baliabideak eskainiz; eta bestetik, langileriaren gaineko kontrola bermatzen dute mendekotasuna sortuz. Diru sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) deritzon laguntzan egin dituzten aldaketak dira horren adibide. Esanguratsuena Lanbidek sortu behar duen 'polizia' da, horiek etxez etxe joango dira bertako bizilagunek diru laguntza jasotzeko eskubiderik baduten edo ez baloratzera. Praktika horrek urteak daramatza martxan. Orain arte Ertzaintza izan da funtzio hori bete duena; aurrerantzean, berriz, Lanbideren polizia propioak burutuko du. Hori intimitatearen aurkako eraso gogorra da, zeinak bizirauteko diru laguntzen beharra duen edonoren etxebizitzan polizia sartzea normalizatzen duen, beste behin ere gizarteko kapa kolpatuenen gaineko kontrol eta zapalkuntza bermatuz.
Ivan: Lehen aipatu dugun moduan baldintza asko bete behar dira laguntza horiek jaso ahal izateko, eta jasotzera iritsiz gero oso kontrolatuta dago zertarako erabiltzen den jasotako dirua, deskonfiantza ikaragarria baitago diru laguntzak eskatzen dituztenekiko. Laguntza horiek eskatzen dituenak behar dituelako eskatzen dituela uste dut, eta zentzu horretan asko dago hobetzeko, baina instituzioetatik gure ahotsa ez da entzuten. Nik uste dut laguntza horiek interes elektoralisten logikatik kanpo kokatu behar direla, bestela, sarritan, kalte gehiago egiten dute mesede baino.

Langileen arteko elkartasuna modu independentean antolatzearen garrantzia azpimarratu duzue. Zer esan nahi du horrek zehazki?  

Iraitz: Modu azkarrean esateko, instituzioetako alderdi politiko guztiek bi lehentasun dituzte nahitaez. Batetik, bozketak irabaztea boteretik kanporatuak izan ez daitezen; eta bestetik, enpresen irabazien handitzea bultzatzea, hortik jasotzen baitute politika egiteko beharrezkoa duten dirua. Ondorioz, ez dute langileon interesetara lan egiteko ez gaitasun ezta borondate errealik ere. Horren adierazle dira larrialdi egoeran dauden pertsonentzat bideratzen diren diru laguntzen izaera eta kopuruak. Beraz, modu independientean antolatzeak logika horretatik kanpo antolatzea esan nahi du, lehentasuna langileon interesetan jarrita eta ez enpresen mozkinetan, langileon ongizatea helburu duten politikak martxan jarriz klase zapaltzailearekin behin betiko amaitzeko.
Ivan: Garrantzitsua da langileok modu independentean antolatzea gure ahotik hitz egiten duen baina gero ezer gutxi egiten duen asko baitago.

Zer da, beraz, proposatzen duzuena?

Iraitz: Auzia konplexua da eta, egoerak eskatzen duen moduan, guk proposatzen duguna ere bai. Gaur egun langileriak beharrezkoak ditugun bizi baliabideak eskuratzeko dirua bi modutan jasotzen dugu: soldataren eta diru laguntzen bidez. Eta batzuetan biak konbinatuz. Modu horretan, batak soldataren diziplina betetzera behartzen gaitu, eta besteak estatuaren burokraziaren diziplinara. Horrela, langile asko lan merkatutik kanporatuak izatearen ondorioz, diru laguntzak eskatzera behartuta daude. Horrek, Gutxieneko Soldatara iristen ez diren diru laguntzekin bizirautea, diru laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten edo ez susmopean bizitzea eta burokraziak exijitzen dituen paper eta kontrol sistema guztiak betetzea esan nahi du. Eta hori guztia gutxi balitz, soldatapeko lanean dauden langileen kritiken jopuntu izatea ere bai, eurek egiten duten lanaz aprobetxatuko balira moduan, benetako 'parasitoak' (enpresaburuak, etxejabeak…) dirutzak irabazten ari diren bitartean. Horrek langileon arteko banaketa indartzen du, nahiz eta langile guztiok dugun dirulaguntzak eskatzera joan behar izateko aukera. Geroz eta langile masa zabalagoa dago egoera honetan. Zentzu horretan, gure proposamena argia da, klase sozialik gabeko gizarte batean edozein pertsonak kalitatezko bizi bitartekoak izateko errenta unibertsala aldarrikatzen dugu. Langabezia orokortua kapitalaren dinamikaren ondorioa da, ez alferkeriarena.

Non eta zer ordutan egongo zarete oinarrizko produktuak jasotzen?

Ivan: Martxoaren 30ean eta 31n eta apirilaren 1ean egongo gara Zestoako Gesalaga kalean, Azpeitiko Juan XXIIIko eta Sanjuandegiko Eroskiren saltokietan eta Azkoitiko BM supermerkatuan eta Eroski txikian. Ordutegiari dagokionez, martxoaren 30ean 17:00tatik 20:00tara, 31n 10:00tatik 13:00tara eta 17:00tatik 20:00tara eta apirilaren 1ean 10:00tatik 13:00tara egongo gara. Jasoketan parte hartu nahi dutenek edo zalantzaren bat dutenek, telefono zenbaki honetara idazteko aukera daukate: 688 76 90 47

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide