NATOren aurka, gerra eta basakeria kapitalista gelditu

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2023ko mar. 28a, 07:45

Kontseilu sozialistek mobilizazioak deitu dituzte aste honetarako Baionan, Gasteizen eta Iruñean. Natoren aurka, gerra eta basakeria kapitalista gelditu lelopean egingo dituzte manifestazioak. Bestalde, ondorengo irakurketa ere zabaldu dute kontseiluek.

Gerrak berriro ere garrantzia hartu du gure egunerokoan, Europan azken hamarkadetan izan den nolabaiteko bake egoera baten ondoren.  Krisi kapitalistak eragin du orain arteko bitartekoak nahikoa ez izatea mendebaldeko oligarkiaren irabaziak ziurtatzeko, eta horrek gerra gure ateraino ekarri du. Mendebaldeak Euromaidanaren bitartez bultzatu zuen estatu kolpeak, zeinari Donbasseko Herri Errepublikek zortzi urtez aurre egin dioten; eta ondoren, NATOren ekialderanzko hedapenari erantzunez Errusiako klase kapitalistak Ukrainan bultzatutako inbasioak gerrari bide eman diote. Gerra honetan, bai ala bai langile klasearen behe-geruzak izango dira galtzaile.

Hegemonia ziurtatzeko helburuz, mendebaldeko oligarkia bere aparatu politiko-militarra berrarmatzen hasi da: NATO. Era horretan, AEB buru duela, gerrarako jarduna indartu du: gorakada belikoa Ukrainan, Txina edo Errusia bezalako bloke geopolitikoekiko gerra ekonomikoaren hedapena, bere kide diren herrialdeen gastu militarraren hazkundea, eta eskala handiko gerrarako prestaketa. NATOren estrategia auzitan jartzetik urrun, Europako egitura politikoen integrazioa erabatekoa da; baita mendebaldeko oligarkia finantzarioarekiko eta AEBekiko subordinazioa ere.

Testuinguru honetan, irabaziei eusteko ahaleginean, Europako oligarkiak gerraren kostu ekonomikoa langileriaren bizkar jartzeko politika multzo bat indartu du: interes tasen igoera, energiaren eta beste oinarrizko produktu askoren prezioen gorakada, zerbitzuen murrizketak… Horren adierazle dira  banku handien, enpresa energetikoen edota multinazional handien azken urteko irabaziak. Halaber, azpimarratzekoa da azken urte honetan Europar Batasunaren eta haren gobernuen ofentsiba bat bizi izan dugula informazioa kontrolatzera eta gerraren inguruko errelato bakarra inposatzera bideratuta; komunikabideen blokeoarekin edota ikuspegi kritiko batetik informatu zezaketen pertsonen eta eragileen jazarpenarekin ikusi dugun bezala. Era berean, nabarmentzekoa da nola ari diren mendebaldeko komunikabideak erregimen ukrainarraren parte diren sektore nazien aurpegi zuriketa egiten.

Egungo testuinguruak europar sozialdemokrazia ere agerian utzi du. Gogora dezagun Espainiako Gobernuak aurrekontu militarra %25,8 igo duela 2023rako, inbestidurako blokearen babesarekin. Era horretan, Podemosek, IUk, Bilduk eta ERCk NATOren berrarmatze-estrategia onartu dute, hasiera batean eskalada belikoaren eta arma-bidalketaren aurka egin bazuten ere. Halaber, PSOEk bere burua AEBen eta nazioarteko oligarkiaren aurrean bermeak eskaintzen dituen alderdi gisa aurkeztu eta gobernu-posizioa mantendu nahian, eskakizun guztiei men egin die.

Horren aurrean, mobilizaziorako deia egiten dugu, NATOri eta kapitalisten gerrari gure aurkakotasuna adierazteko. NATOren esku hartze estrategia inperialista eta propaganda gerrazalea salatzen ditugu. Era berean, egungo gobernua osatzen eta babesten duten alderdi guztien kolaborazioa agerian jarri nahi dugu. Proletariotza nazioarteko indar politiko independente gisa antolatu behar dugu, horixe baita aukera bakarra gerrak sistematikoki eragiten dituen dominazio kapitalistarekin amaitzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide