2025a amaituta, urteko balantzea egiteko garaia da. Ikusi dugu beste behin ere elikagaien prezioak gora egin duela (ikusi argazkiko datuak), eta berriz ere, egoera honen ondoriorik nabarmenenak langile klaseak jasan behar dituela.
Jakina da bizi dugun krisi testuinguru honetan bizitza garestitzen ari dela: elikagaien prezioen igoera, zerbitzuen murrizketak, bizi baldintzak kaskartzea edota etxebizitzak garestitzea eta irismen ezintasuna eguneroko ogi bihurtu zaizkigu. Horren adibide dira 2025ak etxebizitzari dagokionean utzitako datuak. AEVren (1) datuen arabera, 2025ean EAEn etxebizitzaren prezioa %12,7 igo da, 2008tik izandako garestiena. SSIISen (2) arabera, berriz, 1.556 etxegabetik gora daude kale gorrian 2025ean EAEn, 2016an 743 ziren bitartean. Zehazki, Bizkaian 910 (%241+), Gizpuzkoan 524 (%252+) eta Araban 122 (%306+); eta zifra errealak are eta larriagoak dira.
Bitartean, etxebizitzaren edota elikagaien prezioen igoeraren gainetik, kapitalistek eta enpresariek gure kontura aberasten jarraitzen dute. Izan ere, garraioa edota elikagaiak lortzea gehiago kostatzen zaien aitzakiarekin prezioak igotzea normaltzat jotzen dugu, baina langileen soldatak ez dira prezioak bezala igotzen, eta beraz, soldata erreala eta eros-ahalmena nabarmen ari dira jaisten. Modu horretan, oligarkia eta enpresari handien aberastasuna bermatzen da.
Horren aurrean, oinarrizko produktuen biltegitik kapitalismoaren aurpegi gordinena jasaten duten herritarrekin elkarlanean eta borondatezko lanean jarraituko dugu. Eta herritar oro, datorren otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 2an egingo dugun produktuen bilketan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Aurrez eskertzen dizuegu zuen laguntzeko borondatea.
Hona hemen, bilketaren egutegia eta ordutegia:
- Bihar, otsailak 27, ostirala, Zestoan, 17:00etatik 20:00etara.
- Etzi, otsailak 28, zapatua, Azkoitian, 10:00etatik 13:00etara.
- Astelehenean, martxoak 2, Azpeitian, 17:00etatik 20:00etara.
(1) AEV: Asociación Española de Análisis de Valor.
(2) SIIS: Servicio de Información e Investigación Social.