“Finalerako aulkia beti dek oso garestia, aukerak bazaudek eta hi saiatu ahal dekena egiten”, Bidanin bazkaldu ondoren adierazi nion Beñati “nik finala zail ikusten diat, eta ez diat nahi horrekin pentsatu baizik eta 1.500 lagun izango ditudala begira eta marka utzi nahi diat”, erantzun zidan.
Tolosako Usabal kiroldegian jokatu zen final-erdietako bigarren saioa. Zozketan egokitu bezala Unai Agirre, Nerea Elustondo, Iñigo Izagirre, Beñat Lizaso, Jexux Mari Irazu eta Aitor Sarriegi igo ziren oholtzara banan bana. Agurra kantatu ondoren, kartzelako lehen ariketan hiru punturi erantzun zieten. Hotzean holako ariketa batek dituen arriskuak agerian geratu ziren Sarriegiren potoarekin; Beñatek egoki eta bizi erantzun zituen hiru puntuak.
Puntuka Irazu eta Beñat batera, bertsoak egiteko bi makina. Azkar eta umoretsu ekin zioten beraien 30 metrotako etxearen azterketari. Ondoren, Sarriegi eta Unairek ere lan polita burutu zuten potoa zela eta ez zela.
Seiko motzeko ariketarekin jarraitu zuen saioak. Orokorrean, distira handiegirik gabe joan zen. Beñat erantzutera joan zen, eta nire iritziz hor izan zuen akatsa. Alegia, badakigu kolpearen erantzuna izaten dela askotan distiratsuena, baina kolperik ez denean ezin erantzun eta bertsolariak une horietako baliabideak bilatu behar ditu, zer esana eduki. Unairek hirugarren bertsoan ateraldi fiktiziosoa izan zuen, eta Beñat zer erantzun ezin asmaturik gertatu zen. Hala ere, lehenengo bi bertsoak txukun bete zituen.
Bigarren kartzelako ariketara heldu zen saioa. Bakarka hiruna bertso kantatzeko gaia honakoa zuten: “Azken ordu erdian hamabost aldiz begiratu diozu erlojuari”.
Irazu eta Iñigoren lanak goraipatuko nituzke, biak beraien estiloan oso dotore burutu zuten ariketa. Beñati bete lana fintzea falta izan zitzaion.
Bukaerako agurrean Beñatek Joxe Lizasori abestu zion, benetan hunkigarria izan zen. aitona “Txapelketa txalogarria egin dik Beñatek, Soraluzen hasi zena Tolosan bukatuko duk baina gustura geratu duk”, pentsatu nuen epaia entzun aurretik. 458 puntu entzundakoan nire pozak alde egin zuen, egia esan haserre altxatu nintzen, eta ohartu ez nintzen potoren baten bila ibili nintzen jende artean alperrik. Badakit epaileen lana oso nekeza dela, eta nik ez nuela hobeto egingo. Baina batzuetan, uste dut, egunetik egunera gutxiago ulertzen dudala edo epaileen kaskoetatik beste bertso batzuk entzuten direla.
Beñat gure moduan, dagoen tokian dagoela harro egongo duk hire aitona. Zorionak eta eskerrik asko hire ondoan gozatzeko aukera ematearren. Euskal Herriko Txapelketa zain diagu!!!