Gotzon Barandiaran: "Estrategikoa da sortzaileok gure artean berba egitea"

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2012ko eka. 23a, 11:00

Diziplina anitzetako euskal sortzaileen arteko topaketak egingo dituzte uztailaren 2an eta 3an Azpeitian. Ahotsenea sortzaileen guneak antolatuko ditu, eta izena emateko epea uztailaren 1ean amaituko da. "Hau dena antolatu ahalko dugu Azpeitiko Kultur Mahaiak azpiegitura utzi digulako".

Euskal sortzaileek elkartzeko aukera izango dute uztailaren 2an eta 3an Azpeitiko Sanagustin kulturgunean; izan ere, Ahotsenea Sortzaileen Guneak Sortzaileon I. Topaketak antolatu ditu, euskal kulturaz eta sorkuntzaren egoeraz eztabaidatzeko eta sortzaileen arteko harremana bultzatzeko asmoz. Hala, diziplina anitzetatik aztertu nahi dute euskal kulturaren egoera, eta aurrera begira har daitezkeen erabakiez eztabaidatu. Topaketarako deialdia bere burua euskarazko sortzailetzat duen orori zabalduta dago, eta izen ematea uztailaren 1era arte egongo da zabalik. Dagoeneko 40 sortzaile inguruk eman dute izena, eta gehiago biltzea espero dute antolatzaileek.

Hala, elkar ezagutzeko eta gogoetak trukatzeko aukera izango dute sortzaileek bi egunetan. Gotzon Barandiaran antolatzaileak azaldutakoaren arabera, lehen egunean, sortzaileek euskal kultura eta sorkuntzaren inguruko diagnosia egingo dute "norberak bizitakotik". Bide horretan, norberaren egoeratik abiatuta, egoera orokorra aztertuko dute. "Lehenengo eta bat, helburua da elkar ezagutzea, jakitea euskal sortzaileak ze egoeratan gabiltzan sortzen, ze kezka daukagun, gure lanak behar beste zabaltzen diren, bitarteko nahikorik daukagun, gizartean ze leku betetzen ari garen gaur egun, ze laguntza jasotzen dugun, hasi erakunde publikoetatik eta herri mugimendu eta elkarteetaraino, zeintzuk diren gure indarguneak eta ahulguneak, baita hutsuneren bat bete behar dugun ere, ia merezi duen ala komeni zaigun elkartuta konponbidea bilatzea", azaldu du. Bigarren egunean, berriz, lehenengo eguneko gogoetak oinarrian hartuko dituzte, eta aurrera begira egitekoak zehazten saiatuko dira.

Gidoia "patxadaz" eta "ordu eta metodologiaren katerik gabe" jorratuko dute bertora bildutakoek. Hala, eguneko eztabaidak goizean eta arratsaldean banatuko dituzte. Betiere, lantaldeak egingo dituzte, eta gero talde guztien arteko bilkura egingo dute, lantaldeetatik jasotako ondorio komunak partekatzeko. "Lasaitasunez egingo dugu berba, estutasunik gabe", azaldu du Barandiaranek.

Topaketetan parte hartzeko ez da matrikularik ordaindu beharko. Bide horretan, antolatzaileek garrantzitsu deritzote Azpeitiko Kultur Mahaiaren laguntza jaso izana, Barandiaranek azpimarratu nahi izan duenez: "Hau dena antolatu ahalko dugu Azpeitiko Kultur Mahaiak azpiegitura utzi digulako". Izena emateko aukera bi daude: batetik, Ahotsenearen webgunearen bidez, eta, bestetik, Ahotsenearen helbide elektronikokora mezua bidalita.

Topaketa estrategikoak

Topaketak jarraitutasuna izateko asmoz sortu dituzte, "Ahotsenea sortu genuen, ez urtebeterako, baizik eta iraupen luzerako; gure ustez, estrategikoa delako; osterantzean, ez ginateke horrelako beharretan sartuko", argitu du. "Gure ustez, sortzaileok gure artean berba egitea estrategikoa da. Egoera onean egonda ere, eta oraindik urte batzuk pasatu beharko dira horretarako, baina egoera onean egonda ere, ez digu kalterik egingo gure artean proiektu bat izateak".

Orain arte izena eman dutenen artean, kultur adierazpide anitzetako ordezkariak badaude ere, antzerki munduko eta arte plastikoetakoak nagusi direla argitu du Barandiaranek: "Ez da kasualitatea antzerki munduko jende askok izena eman izana, euskarazko antzerkia oso egoera larrian dagoelako". Adierazpide anitzetako profesionalak biltzea "aberasgarria" dela deritzote antolatzaileek. Izan ere, garrantzitsua da euskal kulturaren egoera bere osotasunean aztertu ahal izateko eta guztien arteko elkarlana bultzatzeko.

Sortzaileak aspalditik elkartzeko beharraz ohartu ziren, Barandiaranen hitzetan, eta, hala, beharrezkotzat jo dute topaketak antolatzea. "Aspaldiko urteotan, kultur adierazpide askotako sortzaileen artean berba egiten ibili gara han eta hemen, eta argi dago euskarazko kulturaren egoera ez dela guk gurako genukeena", iritzi dio. "Horri buruz berba egiteko, lehenengo eta bat, euskaraz sortzen dugunok bildu eta berba egin behar dugula iruditu zitzaigun".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide