Udalak Soreasu Antzokiaren kudeaketa lehiaketara atera zuenean, Kultur Mahaia osatzen duten 22 taldeek gogoeta abiatu zuten azpiegitura horren kudeaketa izatearen aukeraren inguruan. Dudarik ez zuten izan, abantailak bakarrik ikusten baitzizkioten. Hona hemen horietako batzuk, labur:
-Kultur mugimenduari bizia, sustapena eta jarraipena eman nahi bazaio, mugimenduak eskura izan behar ditu behar dituen azpiegiturak.
-Ez dago herriko kultur mugimendua baino hoberik herriko azpiegiturak kudeatzeko; beraiek ezagutzen dute herria, beraiek ezagutzen dute herrian dagoen kultur jarduera, eta beraiek ezagutzen dituzte ondoen herriko beharrak.
-Sanagustin eta Soreasu bateragarriak eta osagarriak dira.
-Kultur egutegi bateratura bidean urratsa izango da. Kultur eskaitza orekatua helburu.
-Kultur Mahaiaren kooperatibaren bitartez, kultura ere eragile ekonomikoa izateko.
Beraz, jauzi estrategikotzat jo zuenez, proiektua idatzi eta lehiaketara aurkeztu zen. Irabazi ostean, atzo sinatu zuen hitzarmena Udalarekin. Azpeitiko kultur mugimendua batera doa; herriko kultur talde guztiak batera, elkar hartuta, eta norabide berean.
Soreasurako proiektua
Soreasu Antzokia herriratu, herria Soreasuratu da proiektuaren asmoa. Horretarako, Antzokia edukiz beteko dugu, Sanagustin kulturguneak emandako esperientzia erabiliz eta bertarako erabilitako filosofíarekin jarraituz. Baina horrez gain, Antzokia zaintzeko ardura hartuko dugu. Hauek izango dira antzokiaren kudeaketarako irizpide nagusiak:
-
Herriko taldeen eta sortzaileen plaza izatea.
-
Kanpoko taldeak eta sortzaileak ere ekartzea.
-
Euskal kultura sustatzea.
-
Programazio finkoa izatea: zinea eta bestelako ekitaldiak uztartuta, urte osokoa, egunekoa…
-
Diziplina desberdineko ekitaldiak antolatzea.
-
Kultur sortzaile berriei aukera ematea plazara ateratzeko.
Proiektua atal ezberdinetan banatua dago. Kultur jarduera da horietako bat eta horren baitan zinea eta bestelako ekitaldiak uztartuko ditugu. Zinerako lantaldea osatu dugu –gaur-gaurkoz, T3. Zine Kluba, Erabaki produkzioak eta kooperatibako langileek osatua-. Edonork har dezake parte lantaldean zinearen programazioan aritzeko; kom@nagustinkulturgunea.net-era idatzi lantaldearekin harremanetan jartzeko. Urriko zine programazioa osatu dugu, baina lantaldean erabakiko da aurrerantzean zer egin.
Zine lantaldearen helburua izango da eskaintza anitza eta denetarikoa eskaintzen saiatzea eta herriko beste eragile batzuekin elkarlanean egitasmo ezberdinak jartzeko ideia ere badago, besteak beste, San Martin egoitza, Baigera Jubilatuen Elkartea, herriko ikastetxeak eta beste hainbatekin.
Bestelako kultur jarduerak
Herriko bi antzokiak kudeatuz, aukera paregabea daukagu ekitaldi bakoitzari espazio egokiena eskaintzeko. Soreasu Antzokia eta Sanagustin kulturgunea osagarriak dira eta egutegi bateratu baten baitan erabiliko ditugu. Herriko talde eta eragileentzat erabilgarri egongo da. Horrez gain, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundietako kultura sailen hainbat proiektutan sartuta dago kooperatiba (Euskal Antzoki Sarea, Dantza Zirkuitua, Donostia 2016 / Mugalariak) eta Oholtzaberri proiektu propioa lantzen. Arte eszenikoen inguruko proiektuak dira, Soreasu Antzokiari bizia emateko paregabeak.
Hainbat hobekuntza egiten ere saiatuko gara, besteak beste, webgunea osatzen ari gara, sare sozialetan presentzia bermatuko dugu, eta kartelak eta eskuorriak zabalduko ditugu.
Udalak ere hitz onak
Hitzarmena sinatu ostean hitz ona izan zituen Eneko Etxeberria alkateak: "Zine aretoa baino haratago doan proiektu kulturala baten aurrean gaude, Soreasu suspertu eta Alde Zaharrera bizia ekarriko du gure ustetan. Eta hori egiteko Azpeitiko Kultur Mahaia atzean duen proiektu bat ezin aproposagoa da, batetik herria inor baino hobeto ezagutzen dutelako, bestetik, herriko talde eta eragile guztiak biltzen dituelako, eta honelako kudeaketetan esperientzia duelako. Adibide garbiena Sanagustinen kudeaketa da. Azpeitiarrak dira, bertakoak, ezagutzen dute herria eta seguru gaude kudeaketa fina eta serioa egingo dutela. Eta azkenik, kultur arlotik proiektu ekonomiko oso indartsu bat gauzatuko delakoan gaude, herriari bizi ekonomikoa eta lanpostuak sortuaraziz.Seguru gaude, Soreasu antzokia herriraren gerturatzen joango dela".