Igandean mutxikoen aurreneko saioa egingo dugu, plazan

Urritik maiatzera da mutxikoak dantza jauziak plazan egiteko sasoia. Lapurdin egiten dira batik bat, baina Gipuzkoako hainbat herritan ere abiatu genuen bidea iaz; haien artean Azpeitian. Aurten bideari jarraitzeko asmoa dugu, eta horretan ari gara. Itsasi Kultur Taldeak, Sahatsa Dantza Taldeak, Ikasberriko dantza eskolak, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Sanagustin Kulturguneak elkarlanean, kurtsoko bigarren saioa egingo dugu igandean, 12:00etan plazan (eguraldi txarra badago Sanagustinen). "Erdizka lauetan, pika eta dobla!". Etorri, ikusi eta mugitu hankak!

Aurten dantza saioak hilero egin beharrean lau saio egitea adostu genuen hasieran. Baina, gauzak hobetu pentsatu ostean, hilero egitea erabaki dugu, beti bigarren igandeetan. Ohitura polita da dantza jauziena, eta herrian ohitura sustatzea nahi dugu. Jendeak begira egotetik dantzan hasteko jauzia ematea nahi dugu. Horretarako, hilero egitea hobetsi dugu. Berrantolatu egin gara, eta topatu dugu modua, guztion artean saioak aurrera ateratzeko.

Joan zen hilean, urriak 12, Elosun egin genuen aurreneko saioa, Pilariketako feria zelako. Osterantzekoak herrian egongo ditugu, normalean Alde Zaharrean. Herriko alde horri bizi pixka bat ematea ere bai baita gure asmoa. Saioak 12:00etan egingo dira, beti, hilaren bigarrengo igandez.

Azken hamarkadetan, 30 bat urtetik hona, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoan tradizio handia izan duten Dantza-jauziak izeneko dantzen berpizkundea bizitzen ari gara. Dantza atsegin, erraz eta jendeekikoak dira. Herriko plazetan eta borobilean dantzatzen direnak, gazte zein helduk, emakume zein gizonek. Mota desberdin asko biltzen dira Dantza-jauzien baitan, besteak beste, Iparraldean, Azkaindarrak, Milafrangarrak, Ostalertsa, Muneinak, Mutxikoak.. izenez ezagutzen direnak.

Hegoaldeko herri askotan iparraldetik datorren tradizio hori ikasteko saioak egiten ari dira. Herri batzuetan galdu ezin den hitzordu bihurtzeraino, Donostia, Irun eta inguru horietan adibidez. Azpeitian ere bidea urratzea erabaki genuen iaz, eta halaxe egin genuen. Otsailetik maiatzera bitartean, hilero egin genituen saioak, hilaren bigarren asteburuetan.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide