'Hezurren Egia' erakusketa zabaldu dute Ingurugiro Etxean

Gaur, zapatua, Hezurren Egia erakusketa zabaldu dute Ingurugiro Etxean. Historiaurrea herritarrei ezagutaraztea du helburu erakusketak, bailarako aurkikuntzak azpimarratuz.

11:30ean izan da irekiera hitzordua, eta erakusketaren nondik norako nagusiak ezagutu ahal izan dituzte bertaratutakoek. Hezurren egia proiektuaren esku-orria eta iaz 50 urte bete zituen Antxieta Arkeologi Taldearen liburuak ere banatu dituzte bertako kideek. Azken hauek izan dira, hain justu, proiektuaren bultzatzaileak, bailarako Udalekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak hartu du hitza lehenik irekiera ekitaldian. Etxeberriak azaldu duenez, "2013ko Foru Aldundiko aurrekontu partehartzaileetan sortu zen proiektuari ekiteko ideia". Hezurren egia erakusketa Ingurugiro Etxean jartzeak, "proiektua turismo ikuspegitik lantzeko aukera" eskaintzen duela adierazi du, eta horretarako "beharrezkoa" izan dela Eusko Jaurlaritzaren laguntza.

Jarraian, erakusketaren nondik norakoak azaldu ditu Jesus Tapia arkeologoak. Behe-paleolitoko, erdi-paleolitoko, goi-paleolitoko eta neolitoko informazioa biltzen duten erreplikadun bitrinak eta panel informatiboak erakutsi dizkie bartaratutakoei. Azken hauetan, garai bakoitzeko ingurumenaren eta gizakiaren ezaugarriak, gaitasunak eta egindako aurkikuntzak azaltzen dira. Inaugurazio ekitaldia amaitzeko, azken urteetan bailaran egindako aurkikuntzak biltzen dituen bideo bat eskaini dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide