Komunitate artikulatua

Kultur bilgunea: komunitatea antolatzen, koordinatzen eta zabaltzen

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2023ko ots. 20a, 10:00

Azpeitiko kultur komunitatearen bilkura baten ondorengo taldeko argazkia, Soreasun, 2017an.

Azpeitiko kultur mugimendua 2006tik ari da, Kultur Mahaia bilgune gisa sortuta, herri bezala pentsatzen eta aritzen. Lehen urteetan komunitatea batzea eta antolatzea izan zen zeregin nagusia. Bigarren fasean, azpiegiturak eta koordinazioa. Hirugarrena 2021-2022an hasi zuen; oinarrizko lanei berrekin die, eta komunitatea zabaltzeari. Eta 2023tik, kultur komunitatea berrantolaketa prozesu batean da, erabakiguneak zabaltzeko, eremuka jende gehiago batzeko eta zehatzago aritzeko asmoz.

Azpeitian, batera pentsatzeko eta aritzeko, kultur arloko eragileen lehen elkar hartzea 1998an gertatu zen, Uztarria Kultur Koordinakundea sortuta (euskara eta komunikazioa alorrak ere hartu zituen). Hamar urteko ibilbidea egin zuen, eta arrastoa utzi. 2008an erabaki zuen koordinakunde gisa desegitea; besteak beste, kultur eremuan Kultur Mahaia izateko bilgune nagusi. Hauek dira kultur komunitate artikulatuaren orain arteko faseak:

Lehen fasea: batu eta kohesionatu 

2006an sortu zen Kultur Mahaia, eta hurrengo urtean hartu zuen martxa iraunkorra, barne funtzionamendua zehaztuta, Talde Eragilea sortuta eta plan bat eginda. Kultur mugimenduaren bilgune gisa jo zen mahaia, bera ere herri gisa pentsatzeko eta aritzeko asmoz; kultur taldeak, udal taldeek eta norbanakoak osatu zuten.

Betiere herriko kultur eragile bakoitzaren autonomia eta jarduera errespetatuz, kultur komunitatea batzea eta kohesionatzea ikusi zen, eta lehenengo ildoei ekitea: azpiegiturak (Sanagustin kulturgunea), programazio orekaturako irizpideak, komunikazioa... Hura izan zen bilgunearen lehen fasea.

Bigarren fasea: azpiegiturak sortu eta kudeatu 

Sanagustin kulturguneak 2010ko abenduan ireki zituen ateak, eta 2011ko uztailean Kultur Mahaiak haren kudeaketa hartu zuen, kooperatiba bat eratuta (Kulturaz). Bide batez, kulturgunea osatu egin zen, ostalaritza zerbitzuarekin. Kultur komunitate artikulatuaren bigarren faseari ekin zitzaion Sanagustin zabalduta. 2014an Soreasu antzokia kudeatzen hasi zen Kulturaz, eta 2016an Dinamoa sormen gunearen lehen pausoak eman ziren (2019tik du jarduera handiagoa; 2021ean izan zen inaugurazioa). Kulturazek gestionatzen du Dinamoa ere.

Azpeitiak urrats handia egin du programazioan, haren orekan, koordinazioan, proiektuetan, erreferentzian... Hamar urte iraun ditu bigarren faseak.

Hirugarren fasea: oinarrizko lana berriz

Dena dela, bigarren fasearen bukaera aldera, Kultur Mahaiko Talde Eragileak herriko kultur taldeekiko zeukan harremana moteldu egin zen, eta mahaiko bazkideek indarberritze prozesua egin zuten 2021ean. Ondorioztatu zuten aurreko 10-15 urtean egindakoa oso garrantzitsua izan dela, jarraitu behar dela norabide berean lanean, baina tokatzen dela berriz ere oinarrizko lana egitea, zorua ereitea, eta beste baldintza batzuk lortzea.

Kultur Mahaiaren 2022ko otsaileko batzarrean finkatu ziren helburuak: herri ikuspegia sakondu, kultur komunitatea gehiago josi eta zabaldu, kidetasun kontzientzia hedatu, Kulturazen lau eremuetako (soinua, gorputza, irudia, hitza) erabakiguneak zabaldu... Finkatutako hiru ildoak:

  • Talde Eragilearen egiteko finkoak. Oinarrizko lana: kultur taldeekin harreman iraunkorra (haien kezkak, gogoetak, asmoak…); taldeen finantzazioa; norbanako sortzaileak komunitatean bildu; biziberritzeko planteamenduak; formakuntza; komunikazioa; Kulturazen erabakiguneak zabaldu...
  • Ekinbide zehatzak, herri ikuspegia izanik: ekitaldiak; proiektuak… Dinamika zabalak xede.
  • Arnasa luzeagoko planteamenduak pentsatu.

Orain (2023-2024): komunitatearen berrantolaketa prozesua

Azpeitiko kultur komunitatearen berrantolaketa prozesuak aurrera jarraitzen du, egoera berrietara egokitze eta indar handiagoz aritze aldera. 2022an jada soinua, gorputza, irudia eta hitza eremuak abian zeuden —batzuk lehenago sortu ziren—, eta orain baldintza sendoagoak ikusten dira eremuka modu zehatzagoan eta jende gehiago batzeko moduan aritzeko. Erabakiguneak zabaldu nahi dira, eta alde biko parte hartzea sustatu. 2023an hasi zen horri buruzko prozesua.

Jakingarriak:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide