Zerekin dago orain Izarraitz Txistulari Taldea?
Jaieroko diana da gure eginkizuna oraintxe bertan. Hileko lehen igandean izan ezik, beste denetan ateratzen gara dianan, Azpeitiko herrigunean txistua jotzen. Festa egunetako hitzorduak ere kenduz gero, urtean badira igande batzuk: 35-40.
Ahalegin handia eskatzen al du horrek?
Txistuarekiko afizio eta gogo handia izan behar duzu, jaiero delako diana, eta goizeko bederatzietan irteten dugulako, egin euria, elurra, hotza… Konpromiso handia erakusten dugu taldekideok.
Poz txikirik emango dizue…
Bai horixe! Lagunak gara, familia bat bezalakoak, eta kide batzuk urteetan eta urteetan gabiltza jaiero irteten. Diana ondorengo ordu erditxoa ere estimatzen dugu, zeozer hartzen kontu-kontari jarduten dugu eta. Hori, batetik. Eta, bestetik, Enparan kalean behealdean badira ume batzuk jaiero irteten dutenak balkoira gu pasatzean, gurasoek animatuta. Ume haiek koskortzen ari dira, eta segitzen dute balkoira irteten. Ederra da hori guretzat.
Atera izan dituzue disko bat, Joxe Mari Gurrutxaga Txokolo txistulariaren errepertorioa grabatuta. Proiektu berririk bai?
Momentuz, ez. Aipatu izan dugu txistularien alarde bat egitearen ideia bat, baina pandemiak eragotzi egin digu aztertzea. Ea heltzen diogun. Festa giroko ekitaldi bat izan beharko litzateke, ikusle gehiago arrimatzeko.
Jende aldetik nola zabiltzate?
Taldean 11 lagun izatera ailegatu ginen. Orain bost gara. 1981ean sortu genuen taldea. Neu hasieratik nabil, eta aurretik ere jotzen nuen txistua, 8-9 urte nituenetik. Joxe Mari Sagarzazu ere hasieratik dago. Xabin Zulaikak orain dela bost urte utzi zuen. 60 urtean jardun zuen Xabinek danborra jotzen.
Lekukoa bai?
Kostatzen ari da. Garikoitz Mendizabal taldekidearen semea dabil azkeneko urteetan: Jon. Eta musika eskolako maisu bat ere sartu da taldean: Alain Sorazu; hogeitaka urte ditu hark. Nahiko genuke Juan Antxieta Musika Eskolatik jendea ekartzea taldera, probatze aldera ekitaldi zehatz batzuetan. Ea aurtengo santomasetan horrelako proba bat egiten dugun.
Zein da, bestela, txistulari taldeen egoera?
Gurea ez da udal talde bat. Hiriburuetan eta herri batzuetan bai, udalarenak dira, eta, horrela, haiek baliabide gehiago dituzte guk baino. Baina guk udalari –eta Azpeitiari, orokorrean– zerbitzu handia ematen diogu. Festetan, adibidez, hor egoten gara beti; ez dugu hutsik egiten. Maite dugu txistua, pasio bat da guretzat, eta geure borondatez egiten dugu, sosik kobratu gabe. Jasotzen ditugun laguntzak, arropak hobetzera edota instrumentuak konpontzera bideratzen ditugu.
Zenbatean behin elkartzen zarete entseatzeko eta?
Joxe Mari astean bizpahiru aldiz joaten da lokalera —Zaharretan goian dugu—. Neu ere tarteka pasatzen naiz. Piezak eta errepertorioa prestatzen ere jarduten dugu.. Eta gero, esandakoa: jaieroko juntadizoa daukagu, dianarako. Zeozer berezia badugu, gehiagotan biltzen gara. Herria girotzea, han eta hemen parte hartzea, eta euskal kultura sustatzea ditugu helburu.
Izarraitz Txistulari Taldearen datu batzuk:
- Sorrera: 1981.
- Egoitza: Zaharren egoitzako goiko solairua, Enparan kalea 6.
- Harremanetarako: Edu Arana (eduaranag@gmail.com).
- Informazio gehiago, hemen
Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sorta: