Kultur taldeak (5): Dantzaki dantza eskola

"Ikasleek dantzan ondo egitea da nire helburua"

Dantzaki dantza eskolako ikasle batzuk, joan den igandean, Soreasu antzokian, Azpeitia Dantzaneko ekitaldian.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 5. alea, Dantzaki dantza eskolarekin. Areto dantza, dantza modernoa edota sevillanak erakusten dituzte. Jose Mari Orbegozok 30 urte pasa daramatza irakasle. Ikasleen helburuak askotarikoak direla esan du.

Zuek ere bukatu duzue ikasturtea.
 
Hala da. Lehengo igandean Soreasun emanaldi bat izan zuten gure eskolako ikasleek, Azpeitian Dantzan ekitaldiaren barrukoa. Oso gustura bukatu genuen. Antzokia dena bete zen.
 
Berrehunen bat ikaslek jardun zuten.
 
Bai. Bada zerbait. Gehiago dauzkagu.
 
Zenbat ikasturte honetan?
 
350 inguru. Pandemia aurretik ikasle gehiago izan genituen.
 
Noiz izaten da Dantzaki dantza eskolako matrikulazioa?
 
Klaseekin irailean hasten gara. Orduan, lehendik daudenak hasten dira, eta ikasle berriak, urritik aurrera.
 
Zer jende mota duzue?
 
Adin denetakoak, egia esan. 5 urtetik 80ra artekoak daude. Baigera jubilatuen elkarteko hemezortzi lagun ditugu, adibidez; baina edadeko jende gehiago dabil gurean.
 
Jendea zer helbururekin doa zuen eskolara?
 
Bakoitzak ditu bere helburuak, baina esango nuke gazteek erakustaldiak eta txapelketak dituztela gustuko; helduak ariketa batzuk egite aldera datozela; umeak, dantza modernoak ikastera, ikastetxeko lagunekin egotera; eta agertokia eta arropa klaseak gustatzen zaizkiela; eta jende asko sozializatzera datorrela, lagun berriak egitera, egiten ditugun afarietan izatera…
 
Zenbat irakasle zarete?
 
Lau. Eta Madrildik asteartero beste bi irakasle etortzen dira.
 
Zuen ikasleek maila ona dute, sariak irabazten ari direlako.
 
Bai, Euskadi, Espaini eta Europa mailako sariak irabazi dituzte, Frantzian ere bai… Jende ona dugu, baina sakrifikatu ere egiten dira. Hau gustatzen zaien seinale.
 
Zein da zure helburua?
 
Ni beti ibili izan naiz dantza txapelketetan, aurrean, eta nire helburua da gure eskolako ikasleek dantzan ondo egitea eta dantzari onak ateratzea.
 
Beasainen ere baduzu lokal bat.
 
Bai, eta klaseak ematen ditut Lazkaon, Tolosan eta Zumarragan ere.
 
30 urte pasa daramatzazu honetan.
 
Tabernari nintzela hasi nintzen, lanetik kanpoko orduetan, eta pixkanaka txapelketetan parte hartzeari ekin nion. Orain dela 27 urte Azpeitiko Udalari eskolak emateko proposamen bat egin nion, eta hark kontratatuta igerilekuan klaseak ematen hasi nintzen. Txikia geratu zitzaigun tokia.
 
Dantzaki Dantza Eskolarren datu batzuk:
  • Sorrera: 1992.
  • Egoitza: Iñaki Azpiazu kalea 6.
  • Harremanetarako: dantzaki@hotmail.com.
  • Informazio gehiago, hemen

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sorta:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide