Indartsu ekin diozue ikasturte berriari.
Aurtengo udan ere 12x12 barne lehiaketa antolatu dugu, eta irailean emaitzen berri eman dugu. Horretaz gain, Javier Ruiz de Larrinagaren erakusketa zabaldu da Sanagustin kulturgunean, eta irail hasieran hitzaldia eman zuen Ibon Azpilikueta argazkilariak Dinamoan.
Erakusketa asko antolatzen dituzue. Hitzaldiak?
Urtean zehar hiru hitzaldi antolatzen saiatzen gara. Urte honetan Antonio Goñirena ere egin genuen. Ea urte bukaera aldera beste bat antolatzen dugun, urteko hirugarrena.
Urte bukaera arteko beste asmorik?
Aurten 40 urte beteko dituzte Azpeitiko Antzerki Topaketek, eta zerbait egiteko asmotan gabiltza. Zehaztuko genuke aurrerago. Urte bukaera artean udazkeneko rallya izango dugu, eta santomasetan argazki lehiaketa egin izan dugu 2009tik aurrera.
Egitarau konpletoa duzue urtean zehar.
Lehiaketak, erakusketak, hitzaldiak, rallyak, ikastaroak… Bai, badugu martxa pixka bat. Gero, bestetik, badugu barru mailako ekinbide polit bat: elkarteko kideok geure argazki bilduma batekin liburua osatzeko aukera daukagu, eta gure egoitzara datorren jendeak ikus ditzake liburu horiek.
Zenbat kide zarete Azpeitiko Argazki Elkartean?
40 eta piko, Ez dira denak azpeitiarrak. Neu, adibidez, Elorriokoa naiz eta Zestoan bizi naiz. Baina Zestoan ez dago argazki elkarterik, eta orain dela hamar bat urte Azpeitikoan sartzea erabaki nuen. Ostegunetan biltzen gara, Dinamoan; normalki, hamar bat lagun.
Zein dira kidegoaren ezaugarriak?
Gizonezkoak gara ia denok. Ea gero eta emakume gehiago animatzen diren parte hartzera elkartean edo gure ekinbideetan. Gazteak ere animatu nahi ditugu. 40 urtez azpiko gutxi gaude elkartean. Ia guztiak 50 urtetik gorakoak dira. Ikusten dena da gazteak ekintza zehatz batera igual animatzen direla, baina haien kasuan nahikoa zaila dela urte osoko konpromisoa hartzea.
Zein da elkartearen helburua?
Herriari zerbitzu grafiko bat ematen dio, eta zerbitzu horrek balio historikoa eta dokumentala du, ondare bat da. Lehengo Azpeitia nolakoa zen ikusten da argazki askotan. Gainera, Pepe Gil zenaren artxiboa digitalizatu dugu, milaka eta milaka argazki; ikusi egin behar nola ematen diegun erabilpena. Formakuntza ere bada gure elkartearen beste ildo bat.
Azpeitiko Argazki Elkartearen datu batzuk:
- Sorrera: 1977.
- Egoitza: Dinamoa sormen gunea, Soreasu.
- Harremanetarako: aae.azpeitikoargazkielkartea@gmail.com.
- Informazio gehiago, hemen
Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak: