Lagun Onaken Espainiako Hirugarren Mailako taldeak ligako lehen neurketa jokatuko du larunbatean –urriak 24–, Santurtziren aurka, 17:00etan hasita, Garmendipe futbol zelaian. Futbol klubak lehen neurketa hori baliatuko du zendu berri den Ugaitz Kerejeta omentzeko; izan ere, Lagun Onakeko gizonezkoen talde nagusiko jokalaria zen Kerejeta. Klubak gogoan izango du beti joan berri den gaztea, eta, nola ez, omenaldia egin nahi izan dio hari ligako lehen partidan.
Jende pilaketak saihesteko, futbol klubak eskatu du ikusle guztiak 16:45erako Garmendipeko zelaiaren barruan egon daitezela. 16:00retan zabalduko dute sarrerak eskuratzeko leihatila, eta azken unean ez ibiltzeko eskatu du futbol taldeak. Gainera, klubak gogorarazi du bihar –asteazkena– eta etzi –ostirala– jaso ahal izango direla bazkide txartelak Garmendipen, 18:00etatik 19:30era bitartean. Bazkide txartelak jasotzeko dituztenek egun horiek balia ditzaten nahi du klubak.
Harmaila nagusian eseriko dira gune horretako bazkide txartela ordaintzen dutenak, ohorezko bazkideak eta jubilatuak. Gainontzeko ikusle guztiak, berriz, atezainaren atzeko harmailetan eseriko dira.
Segurtasun neurriak bermatzeko, tenperatura hartuko diete ikusle guztiei sarreran, eta ezinbestekoa izango da partidan zehar maskara jantzita izatea.