Lagun Onaken gizonen talde nagusiak ligako hirugarren neurketa jokatuko du larunbatean, azaroak 7, Garmendipe futbol zelaian. 17:00etan hasiko da partida, eta etxeko taldeak San Ignacio izango du parez pare. Ligako lehen bi partidak galdu ditu Lagun Onakek; beraz, hiru puntu poltxikoratzeko helburuarekin zelairatuko da Azpeitiko taldea.
Lagun Onak futbol klubak ligako lehen neurketa baliatu nahi izan zuen zendu berri den Ugaitz Kerejeta omentzeko; izan ere, Lagun Onakeko gizonezkoen talde nagusiko jokalaria zen Kerejeta. Dena dela, osasun larrialdia tarteko, ateak itxita jokatu zuten neurketa hori, eta, beraz, ezin izan zuten omenaldia gauzatu. Dena dela, dena ondo bidean, larunbateko partidan egingo dute duela bi aste bertan behera gelditu zen omenaldia.
Txartelak jasotzeko deia
Bihar –azaroak 4– eta ostiralean –azaroak 6– bazkideek txartelak jaso ahal izango dituzte Garmendipen, 18:00etatik 19:30era bitartean, eta larunbatean –azaroak 7–, 11:00etatik 12:00etara izango da horretarako aukera. Partidaren unean ilarak saihesteko, txartelak aurrez jasotzeko deia egin du klubak.
Larunbatean, 16:00retan zabalduko dute leihatila bazkideentzat; gainontzeko herritarretzat, berriz, 16:30ean irekiko dute. 17:15ean itxiko da leihatila, eta ordu horretatik aurrera, ezingo da inor sartu futbol zelaira. 300 pertsona sartu ahal izango dira gehienez partida ikustera; behin kopuru horretara iristean, ezingo da inor gehiago sartu zelaira. Gainera, bazkideek izango dute lehentasuna; hau da, bazkide ez diren gaztetxoek lekua baldin badago izango dute Garmendipera sartzeko aukera.
16:45ean hasiko da omenaldia, eta ordu horretarako ikusle guztiak futbol zelaian egotea komeni dela adierazi du futbol klubak. Partida, berriz, 17:00etan hasiko da.