Atracciones Sanz-Epi kristaldegia taldeak ezin hobeto hasi du denboraldia. Izan ere, atzo, igandea, hasi zen junior mailako errepideko txirrindularitza denboraldia, Eibarren egindako XLI. Udaberri Sariarekin. Lagun Onak txirrindulari elkarteko taldekideek emaitzak onak eskuratu zituzten, Alex Urangak hirugarren sailkatzeaz gain, taldekako sailkapenean aurrenak izan baitziren.
Lasterketa gogotsu hasi zuten txirrindulari azpeitiarrek, eta Mikel Berasategi lehen kilometroetan sortu zen ihesaldian sartu zen. Eguneko lehen mendatea, Udana, pasatu ostean, tropelak harrapatu egin zuen Berasategiren ihesaldia, baina ez ziren hor amaitu azpeitiarraren saiakerak. Izan ere, Alex Uranga Zumarragatik Azkoitira bidean irten zen ihesaldian sartu zen. Eibarrera iritsi aurretik, Azkarateko mendatea pasatu behar izan zuten txirrindulariek. Urangak aldapa faboritoekin batera pasatzea lortu zuen, helmugara esprintea hirugarren sartuz.
Atracciones Sanz-Epi kristaldegia taldeko txirrindulariek taldekako sailkapen onena eskuratu zuten Iker Uriak eta Aitor Arrutik lortutako zortzigarren eta hamaseigarren postuei esker. Hurrengo astean atseden hartuko dute, baina hurrengo hitzordua etxean izango dute; hain zuzen ere, martxoaren 10ean jokatuko dute XXXVII. San Jose proba.