Joan den asteburuan, Lagun Onak txirrindulari elkartearen Lurkide Aranur taldeko kadeteek bi lasterketa izan zituzten eta maila polita erakutsi zuten.
Larunbatean, Arespalditzako (Araba) 46. San Prudentzio saria jokatu zuten, Gaztetxo txapelketarako puntuagarria. Lasterketa oso gorabeheratsua izan zen, eta oso azkarra ere bai. 183 txirrindulari irten ziren, baina 83 besterik ez ziren iritsi helmugara. 47 kilometroko ibilbidea osatuta, esprintean iritsi ziren lehenengoak, eta haien artean egon zen Jakes Zubizarreta azpeitiarra; hirugarren postuan helmugaratu zen Lurkide-Aranur taldekoa, Manuel Fernandez (Team t48) irabazlearen eta Daniel Diazen (Dimaq-Ipar Maquina) atzetik. Lagun Onak TxEko gainerako ordezkariei dagokienez, denek lortu zuten proba amaitzea: Amets Barandiaran 13. sailkatu zen, Aner Eizagirre 53., Einar Bereziartua 61. eta Danel Ansorregi 63..
Igandean, berriz, Eibarko (Gipuzkoa) IX. Saria jokatu zuten Azpeitiko taldeko kadeteek. 68 kilometro zituen ibilbideaketa, bezperan bezala, esprintean erabaki zen lasterketa. Daniel Diazek (Dimaq-Ipar Maquina), Ibai Turuelok (Canalsa-Maldopar) eta Xuban Gorroñok (Cafe Dromedario) osatu zuten podiuma, eta Zubizarreta laugarrena izan zen. Atzetik gertu ziren helmugan Amets Barandiaran (13.), Danel Ansorregi (52.), Einar Bereziartua (57.) eta Xuban Aranaga (76.).
Jubenilek ez dute lasterketarik izan joan den asteburuan.