Lagun Onakeko txirrindulari askok atsedena hartu dute abuztuan, baina probarik proba emaitza bikainak lortu dituzte Jakes Zubizarretak, Aner Elorzak eta Einar Bereziartuak. Hirurek ere "lan txukuna" eginda.
Abuztuaren 1ean, Tafallan (Nafarroa) Cesar Gorrizen oroimenezko proban seigarren egin zuen Zubizarretak. Handik astebetera, Villatuertako (Nafarroa) I. Ega Perfil Saria txirrindulari lasterketan laugarren postua lortu zuen Zubizarretak, eta Bereziartuak 22 egin zuen.
Abuztuaren 10eko Zarauzko Azken Portuko jaietako kriteriumean, Zubizarreta ondo moldatu zen, baina azken itzulian matxura bat izan zuen, eta probatik kaleratua izan zen. Juniorretan, Elorzak irabazi egin zuen.
Bost egun geroago, hilaren 15ean, Mungian (Bizkaia) Atxuri Sarian parte hartu zuen Zubizarretak, bigarren postua lortuz. Hilaren 20an, Los Arcoseko 43. Saria bereganatu zuen Zubizarretak, azken kilometroan ihesaldi batean parte hartu eta besoak altxatuta helmugaratu zen Lagun Onakeko txirrindularia. Bereziartuak ere parte hartu zuen proban, 20. postuan amaituz.
Nafarroako beste hiru txirrindularitza lasterketetan (Murietan, Andosillan eta Lakuntzan) ere parte hartu dute txirrindulariek, lan txukuna eginez. Dagoeneko, irailera begira jarriak dira Lagun Onakeko txirrindulariak.