Infantil eta kimu mailetako gimnastika erritmikoko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten joan den zapatuan Irungo Artaleku kiroldegian, eta han lehiatu ziren Azpeitiko Loretokiko gimnastak.
Goizean infantilak aritu ziren. Loretokik bi talde aurkeztu zituen Infantil B mailako taldekako txapelketara, eta Loretoki 1 taldeak irabazi zuen txapela, lan ona egin ondoren. Loretoki 2 taldeak, aldiz, ez zuen egunik onena izan eta hamargarren postuan sailkatu zen.
Infantil A mailako banakako txapelketan parte hartu zuen Elene Astiazaranek; uztaiarekin hirugarren postua eta sokarekin laugarrena lortuta, sailkapen nagusian laugarren tokia eskuratu zuen Astiazaranek. Eta postu bera, laugarrena, lortu zuen arratsaldean Maren Bikendik kimuen txapelketan, esku hutsik hirugarren eta sokaren seigarren salkatu ondoren. Gipuzkoako Txapelketako emaitza horiei esker, Euskadiko Txapelketan lehiatzeko txartela lortu dute Astiazaranek eta Bikendik; maiatzaren 25ean izango dute txapelketa hori, Basaurin (Bizkaia).