Gimnastika erritmikoko infantilen eta kimuen Gipuzkoako Txapelketatik emaitza bikainekin etxeratu dira Loretokiko gimnastak. Larunbatean jokatu zituzten lehiak Irungo Artaleku kiroldegian.
Goizeko saioan, infantilen mailako txapelketa jokatu zen. A mailan bakarka Loretokiko Elener Astiazaran lehiatu zen. Sokarekin ez zuen egun ona izan eta zazpigarren postua lortu zuen. Uztaiarekin, ordea, lan ona eginda hirugarren postua erdietsi zuen. Sailkapen orokorrean bosgarren gelditu zen, eta maiatzaren 24an Gasteizen jokatuko den Euskadiko Txapelketarako sailkatu zen.
Arratsaldean, berriz, kimuen txapelketa jokatu zen. Kimuen B mailan Loretokiko taldea izan zen txapelduna. Talde hori osatu zuten gimnastak honakoak izan ziren: Maren Bikendi, Paula Ezama, Paula Olazabal, Olaia Lizaso, Nara Priya eta Xuhare Garate. Bakarka Maren Bikendi lehiatu zen, esku hutsezko lehian hirugarren postua egin zuen eta sokarekin egindako saioan lehen postua eskuratu zuen. Sailkapen orokorrean bigarren gelditu zen Bikendi. Hala, kimuen B taldeak eta Bikendik Euskadiko eskola mailako txapelketa jokatzeko txartelak lortu dituzte.